Hasi da martxan Debabarreneko Enplegu Anezka
Taldea langabezian dauden 25 gaztek osatua dago (15 emakume eta 10 gizon), 21 eta 34 urte bitartekoak. Ikasketei dagokienean, talde anitza da (ikasketarik gabe, DBH, Lanbide Heziketa, Batxilegoa eta unibertsitateko gradu ezberdinak).
Parte-hartzaile batzuk bereziki arazoak dituzte lan merkatura sartzeko arrazoi desberdinak direla medio, hala nola, iraupen luzeko langabeak direlako edo etorkinak direlako. Badago ikasketak oraintxe amaitu eta bere lehendabiziko lanpostua bilatzen dabilenik ere. Beste batzuk badute lan-esperientziarik sektore ezberdinetan, Ingurumena, Heziketa, Diseinua, Eraikuntza, Industria, Administrazioa edo Merkataritza, besteak beste.
Multzo izatetik talde izatera
Vanesa Hortas teknikariak egin du hautaketa prozesua eta bera izango da Anezka kudeatzeaz arduratuko dena datozen bost hilabetetan. Azaldu duenez, talde heterogeneoa da, esperientzia desberdinak dituztenak. Orain erronka da talde bihurtzea, helburu bakar batekin: elkarri lagundu bakoitzaren gaitasun profesionalak hobetzeko eta lan-bilaketa aktiboa eta koordinatuari ekitea, lan aukera berriak sor daitezen.
“Gogotsu daude, konpromiso sendoarekin eta lana aurkitzeko itxaropen handiarekin. Bereziki interesatzen zaie komunikazio gaitasunak hobetzea lan-elkarrizketei begira eta enpresetara egingo dituzten bisitak”, azaldu du Vanesa Hortasek.
Zer egingo dute Anezkan?
Datozen bost hilabetetan, astean hainbat egunetan bilduko dira Debegesa garapen agentziaren egoitzan. Euren enplegagarritasuna hobetzeko jarduerak egingo dituzte: coaching eta adimen emozionaleko saioak egingo dituzte, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0, elkarrizketa pertsonaletarako entrenamendua, enplegagarritasun mapak, enpresetara bisitak, bilerak ekintzaileekin eta lan bitartekaritzako prozesuak Giza Baliabideetako arduradunekin.
Aurrekari onak
Santa Maria la Real Fundazioak eta Telefonica Fundazioak 145 Anezka jarriko dituzte abian aurten estatu osoan, horietako bat Debabarrenean. Europako Gizarte Funtsaren kofinantzazioa du ekimenak.
“2014an eta 2015ean martxan jarritako anezken esperientziak erakutsi du proiektu honek nabarmen laguntzen diela gazteei; lan-merkaturatze datuak, %60tik gorakoa, langabeziaren aurka lanean segitzera animatzen gaitu. Anezkak eredu bat dira non erakunde publiko eta pribatuek bat egiten duten helburu bera lortzeko, alegia, lan-txertatze aukerak sortzea”, azaldu du Matias Figueroak, Telefonica Fundazioko Gazte Enplegagarritasun Proiektuko arduradunak.
“Hori dela eta, Telefonica Fundaziotik proiektu honen aldeko apustua egiten dugu, proiektu berritzaile eta itxaropentsua baita bai itxuran, bai mamian, talde-lana eta lan solidarioa baititu oinarrian langabeziari aurre egiteko” gaineratu du.