Hasi da prozesua interesa duten enpresek Azitaingo inkubagailu berriaren bulegoak erabil ahal ditzaten
Eibarko Udalak eta Debegesa sozietateak hasi dute Azitainen abian jarritako enpresa-inkubagailu berriaren bulegoak erabili nahi dituzten enpresek eskaerak bidaltzeko bete behar duten prozesua.
Jon Iraola Eibarko alkateak, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak eta Juan Ángel Balbás Debegesako zuzendari nagusiak bulego berriak erabiltzeko baldintzak eta eskainiko dituzten zerbitzuen ezaugarriak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan.
Joan den otsailean inauguratu zen inkubagailuaren helburua eskualdean ekintzailetzari laguntzeko zerbitzua indartzea da, Debabarreneko ekintzaileei lanerako guneak partekatzeko aukera eskainiz.
Ekimenaren sustatzaileek prentsaurrekoan zehaztu dutenez, honako enpresa hauek erabili ahal izango dute bulego bat inkubagailuan, Debegesak Azitainen dituen instalazioen ondoan: enpresa sortu berriak, batez ere lotura dutenak doitasunezko ingeniaritzarekin (BPTD estrategia), robotikarekin, kirolari aplikatutako teknologiekin, energiarekin, jasangarritasunarekin, ekonomia zirkularrarekin eta 4.0 industriako teknologia gaitzaileekin. Beste kasu batzuetan kontuan hartuko da egitasmoaren berritasuna (teknologikoa eta ez-teknologikoa).
Horrela, inkubagailu berriak doan eskainiko ditu hainbat zerbitzu, esaterako, aholkularitza negozioaren hastapenetan eta sendotze-fasean; prestakuntza espezializatua; BPTD komunitatean integratzea (Basque Precision Technology District); paketeak jaso eta biltzeko zerbitzua; sarbide independentea egunero, 24 orduz; bulegoko altzariak, officearen erabilera, bilera-gelaren erabilera eta aurkezpenetarako gune ireki bat.
Enpresa bakoitzak sartzeko eskaera egin ondoren, Udalak eta Debegesak baloratuko dute, eta, balorazioa aldekoa bada, Debegesak kontratua ixteko izapideak hasiko ditu. Horrela, enpresa bat inkubagailu berrian sartu ondoren, kontratuen hasierako iraupena hiru urtekoa izango da, eta horiek amaitzean, luzapena egiteko aukera baloratuko da.
Enpresek egokitutako bulegoak okupatu ahal izateko ezarritako prezioari dagokienez, hilean 260,10 eurokoa izango da (BEZa barne) kanpoko hiru bulegoen kasuan, eta hilean 229,50 eurokoa (BEZa barne) barneko bi guneetarako.
Bulegoetan sartzeko eskaera Debegesan egin beharko da, telefonoz 943820110 zenbakiaren bidez edo ekintzaile@debegesa.eus posta elektronikora mezu bat igorriz.
Aurkezpenean, Jon Iraola alkateak hauxe adierazi du: “Proiektua Udalaren apustu bat da Eibarrek zerbitzu berritzaile hau izan dezan, eta ziur nago enpresa askok izango dutela interesa baliabide hau erabiltzeko.
Iraolak adierazi du: “Gune berri honek proiektu berritzaileak gauzatzea erraztuko du eta enpresentzako topagune bilakatuko da, eta, udalerrira aberastasuna eta enplegua erakartzeaz gain, Eibarren jarduera ekonomiko berriak garatzea sustatuko du, bide batez, eskualdeari ere mesede eginez.”
Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak hauxe adierazi du: “Inkubagailu berri hau, industria-arloari lotua, eta alor teknologikoko enpresak hartuko dituena, udalerrian abian jartzen dugun hirugarrena da, eta tarteko espazio bat betetzera dator; alde batetik dago Eibargune, non enpresa proiektuak ontzen ari diren eta jada zerbitzu sektoreko enpresak finkatu diren Eibarren, eta, bestetik, Teknikerreko inkubagailu teknologikoa.
Espero dut, martxan dauden beste bi gunetan bezala, ilusioz eta enpresa-abentura bati ekiteko gogoz beteko direla laster, eta laguntzeko prest izango gaituzue, bai Udala, bai Debegesa.”
Bestalde, Juan Ángel Balbás Debegesako zuzendari nagusiak azaldu duenez, “inkubagailu hau, ekintzailetza-proiektuak garatzeko lekua izateaz gain, jarduera ekonomiko berria garatzeko dauden baliabide guztiak ekintzaileen eskura jarri nahi ditu, horrela Debabarreneko ekosistema ekintzailea ehuntzen jarraitzeko.”