Hazilan programaren seigarren edizioan izena emateko epea zabaldu du DEBEGESAk
Debegesa Garapen Agentziak Hazilan programaren seigarren edizioa jarri du martxan Debabarrenean. Egitasmoa Debabarreneko 20 eta 44 urte bitarteko gazte langabeei zuzenduta dago, goi mailako ikasketak bukatuta dituztenei. Gazte horien laneratzea du helburu Hazilan programak.
Seigarren edizio hau maiatzean hasi eta ekainean amaituko da. Parte-hartzaileek prestakuntza pertsonalizatua jasoko dute. Lehen fase batean, euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza jasoko dute, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta proiektuen kudeaketa arloko ezagutza eta trebezia landuko dute metodologia berritzaileen bidez.
Bigarren fase batean, enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
Interesa duten guztiei zuzenduta programaren xehetasunak azaltzeko eta zalantzak argitzeko informazio saio bat egingo da martxoaren 28an, 11:00etan, Armeria Eskolako patioan, Eibarren, ABIAN Lanbide Heziketa Azokaren baitan. Programan parte hartzeko Debegesaren webgunearen bitartez eman daiteke izena.
Orain arte Debabarrenean egin diren bost edizioetan 66 lagunek parte hartu dute (39 emakumezko eta 27 gizonezko), eta horietatik 41 lagunek lana aurkitu dute programa amaitu eta lehen sei hilabeteren barruan.
Hazilan proiektua Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean.