Hilaren 18an emango da ezagutzera Gure Balioak Sariaren irabazlea
Gure Balioak Sariaren epaimahaiak datorren urriaren 18an emango du ezagutzera aurtengo edizioko pertsona edo erakunde irabazlearen izena. Sari banaketa ekitaldia Elgoibarren egingo da, Inazio Bereziartua Musika Eskolan, 19:00etatik aurrera. Herritar oro dago bertara gonbidatuta.
Bertara hurbildu ezin dutenek, zuzenean jarraitu ahal izango dute ekitaldia Streaming bidez, honako helbide honetan: www.gurebalioak.com.
Guztira, herritarrek proposaturiko 21 hautagaitza jaso dira, enpresa, kultura, kirola edota arlo soziala ordezkatzen dutenak, eta horien artean egin du aukera epaimahaiak.
Gure Balioak Sariak III. edizioa beteko du aurten. Debabarreneko eskualdean gizarte-balioen arloan egindako lanagatik eredugarri den pertsona edo erakundea nabarmentzea eta saritzea du helburu sari honek. Hain zuzen, azpimarratu eta sustatu nahi dituen oinarrizko balioak integritatea, errespetua, ekintzailetasuna eta lankidetza-elkarlana dira.
Debegesa Garapen Agentziak eratu eta kudeatzen du Gure Balioak Saria. Sari banaketa ekitaldi honetarako Elgoibarko Udalak, Inazio Bereziartua Musika Eskolak, DanobatGroup eta Goratu enpresek ezinbesteko laguntza eskaini dute.
Juan Luis Baroja Collet artistaren eskultura bat jasoko du irabazleak sari gisa. Debabarreneko entzute handiko artista da Baroja eta Debako Eskulangintzarako Irakaskuntza Zentroko irakaslea da. Artelan hau sari honetarako diseinatu eta burutu da espresuki.
Iaz, 2011an Gemma Agirregomezkorta elgoibartarrak jaso zuen Gure Balioak Saria, laguntza sozialaren alorrean egindako lan eskuzabal eta handiarengatik; 2010ean, lehen edizioan, Maria Teresa Ganchegui eibartarrak eskuratu zuen errekonozimendua, gizarte balioen arloan izan duen ibilbide zabalagatik.
Aurtengo epaimahaia hurrengo pertsona hauek osatu dute:
- Agirregomezkorta, Gemma: Gure Balioak Sariaren irabazlea 2011an (Elgoibar)
- Araolaza, Garikoitz: Gure Balioak proiektuko Herritar Foroko bozeramailea (Debabarrena)
- Arkotxa, Jose Antonio: Armeria Eskolako Zuzendari ohia eta Debabarreneko Nagusien Kontseiluko kidea (Eibar)
- Arostegi, Nere: Pediatra eta Debako Euskal Dantza Taldeko Zuzendari ohia (Deba)
- Balbas, Juan Angel: Debegesako Zuzendari Nagusia (Debabarrena)
- Barrero, Esther: Bizkaiko Caritas-eko laguntzaile bikariala (Ermua)
- Bengoa, Alex: Tekniker-eko Zuzendari Nagusia (Eibar)
- Galarraga, Idurre: Mallabiko Udaleko administraria (Mallabia)
- Galarraga, Mertxe: “Manos comprometidas” Elkarteko kidea eta Soraluzeko Kutxako Zuzendaria (Soraluze)
- Guisasola, Aitor: Ekintzaile gaztea. Enpresa: Manahmana (Elgoibar)
- Iriondo, Jesús Mari: Maser Microelectrónica-ko Zuzendari Nagusia (Elgoibar)
- Martinez, Marisa: Antzerki gidoilaria eta irakaslea (Mutriku)
- Osoro, Jasone: Idazlea, kazetaria eta ekintzailea. Enpresa: Berbak (Elgoibar)
- Zabala, Amagoia: Ermuko Udaleko gizarte zerbitzuetako teknikaria eta Agintzari Kooperatiba enpresako kidea (Mendaro)
- Zubiaurre, Eduardo: Jaz-Zubiaurre-ko Gerentea eta ADEGI-ko presidente ohia (Eibar)