Ibaia auzolanean garbitu dute Soraluzen

2012-10-08 Iruzkinik ez

Ibaiaren ingurumen-balioa zaindu eta mantentzeko sentsibilizazio-lana egin asmoz, bigarren urtez Deba ibaia garbitzeko auzolana burutu zen atzo Soraluzen, Udalaren, Debegesa Garapen Agentziaren eta Mendi Taldearen ekimenez, Uraren Euskal Agentziaren (URA) laguntzarekin.

Guztira 25 inguru lagunek hartu zuten parte, haur zein heldu, eta 4 edukiontzi bete zituzten goraino: latak, plastikoak, burdinezko barrak, alfonbra bat, erradiadore bat eta pilaz beteriko poltsa bat.

Goizeko 10:00etan egin zuten hitzordua boluntarioek. Antolatzaileen azalpenak entzun ostean, eskularruak eta zabor poltsak banatu eta ibaiertzak garbitzeari ekin zioten boluntarioek.

Parte-hartzaileek 2 orduz jardun zuten zaborra ibaitik ateratzen eta lana amaitutakoan, jatekoa eta edatekoa eskaini zitzaien, indarrak berreskuratu eta eskerrak emateko.

Ibaia garbitzeko auzolan hauek Ibai Lagun egitasmoaren baitan kokatzen dira.  Ibailagun 2011. urtean Debabarreneko eskualdean jaio zen sentsibilizazio egitasmoa da. Saio hauen bidez, ibaia kutsatzen duten hondakinen inguruko sentsibilizazioa egin eta ingurumena zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahi da.

Hurrengo hitzordua Elgoibarren izango da, hilaren 20an.

Debegesak boluntario guztien lana eskertu nahi du eta datorren urtean ere parte hartzeko deia luzatu nahi die.

Ibai Lagun ekimenean parte hartzen duten eskualdeko boluntario guztien artean Deba ibaian 12 itsas-irteera zozkatuko dira, Kukulak eta Debanatura Elkarteak eskainita.