“Ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioa auzokideen erkidegotan” eskuliburua aurkeztu du Debegesak
Aurkezpena Debegesan bertan izan zen arratsaldeko 18:00etan eta bizilagunei, finka administratzaileei, udal teknikariei, edota interesa izan dezakeen edonori zuzendu zitzaion
Debegesak “Ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioa auzokideen erkidegotan” gidaliburua editatu du, eta hura aurkezteko informazio saio bat eskaini zuen hilaren 14an, arratsaldeko 18:00etan, Debegesan bertan. Saioak ordubeteko iraupena izan zuen. Helburua ibilgailu elektrikoak auzo-komunitateetan kargatzeko instalazioen prozesuari eta ondorio nagusiei buruzko informazioa ematea zen, horiek aplikatzeko egin beharreko urratsak zehaztuz.
Hori horrela, aurkezpena bizilagunenei, finka administratzaileei, udal teknikariei eta interesa zuen edonori egon zen zuzendua. Eskuliburuan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko prozesua eta horrek dakartzan inplikazioak deskribatzen dira, interesdunei ahalik eta gehien laguntzeko.
“Debegesan mugikortasun jasangarria sustatzeko lan egiten dugu, mugikortasun hori ezartzeko informazio praktikoa emanez. Oraingoan, ibilgailu elektrikoei buruz arituko gara”, azaldu zuen Aitziber Cortazarrek, Debegesako Garapen Jasangarriko arduradunak.
Antolatutako saio informatiboan, liburuxkan agertzen diren puntuen inguruko azalpenak eta gakoak eskaini ziren gidaliburuaren sorkuntzan parte hartu duten entitateen eskutik: Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Iraunkorreko arduraduna, Mónica Díaz Bañuelos, Energiaren Euskal Erakundeko proiektuen garapenerako teknikaria, eta Sandra Arroyo, abokatua.
Besteak beste, auzokideen erkidego batean ibilgailu elektrikoak kargatzeko kontuan hartu beharreko oinarrizko alderdi teknikoak azaldu, auto elektrikoari buruzko 25 galdera ohikoenak erantzun, indarrean dauden laguntza eta dirulaguntzen inguruan hitz egin da eta komunitateei aplika dakizkiekeen gako juridikoak aurkeztu ziren, baita gida interpretatzeko behar diren tresnak ere.
Bertaratu zirenei eskuliburuaren kopia bat eman zitzaien. Hala ere, egun, gida eskuragarri dago online Debegesaren Energia Bulego Birtualaren webgunean.