“Ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioa auzokideen erkidegotan” eskuliburuaren saio informatiboa antolatu du Debegesak datorren astearterako, hilak 14

Debegesak “Ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioa auzokideen erkidegotan” gidaliburua sortu du eta hau aurkezteko informazio saio bat antolatu du datorren astearterako, hilak 14, arratsaldeko 18etan Debegesan bertan. Saioak ordubeteko iraupena izango du eta helburua da ibilgailu elektrikoak auzo-komunitateetan kargatzeko instalazioen prozesuari eta ondorio nagusiei buruzko informazioa ematea, horiek aplikatzeko egin beharreko urratsak zehaztuz.

Hori horrela, aurkezpena bizilagunenei, finka administratzaileei, udal teknikariei, edota interesa izan dezakeen edonori dago zuzendua. Eskuliburuan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko prozesua deskribatzen da, interesdunei ahalik eta gehien laguntzeko.

“Debegesan mugikortasun jasangarria sustatzeko lan egiten dugu, mugikortasun hori ezartzeko informazio praktikoa emanez. Oraingoan, ibilgailu elektrikoei buruz arituko gara” azaldu du Aitziber Cortazarrek, Debegesako Garapen Jasangarriko arduradunak.

Antolatutako saio informatiboan liburuxkan agertzen diren puntuen inguruko azalpenak eta gakoak eskainiko dira gidaliburuan sorkuntzan parte hartu duten entitateen eskutik: Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Iraunkorreko arduraduna, Mónica Díaz Bañuelos, proiektuen garapenerako teknikaria, Energiaren Euskal Erakundea eta Sandra Arroyo, abokatua.

Besteak beste, auzokideen erkidego batan ibilgailu elektrikoak kargatzeko batean kontuan hartu beharreko oinarrizko alderdi teknikoak azalduko dira, auto elektrikoari buruzko 25 galdera ohikoenak erantzungo dira, indarrean dauden laguntza eta dirulaguntzen inguruan hitz egingo da eta eta komunitateei aplika dakizkiekeen gako juridikoak aurkeztuko dira, baita gida interpretatzeko behar diren tresnak ere.

Etortzeko asmoa duten pertsonek aldez aurretik izena eman beharko dute formulario honetan.Gainera, bertaratzen direnei eskuliburuaren kopia bat emango zaie.  Bestalde, aurkezpenaren ondoren, gida online eskuragarri jarriko da Debegesaren Energia Bulego Birtualean energia.debegesa.eus webgunean.

Egitaraua

18:00-18:05

Gidaren aurkezpena: helburuak, egitura eta eduki nagusiak. Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Jasangarria departamentuko arduraduna

18:05-18:45

Auto elektrikoari buruzko 25 galdera ohikoenak eta indarrean dauden laguntza eta dirulaguntzak. Mónica Díaz Bañuelos, proiektuen garapenerako teknikaria, Energiaren Euskal Erakundean

18:45-19:00

Gida interpretatzeko gako juridikoak, tresnak eta funtsezko gakoak. Sandra Arroyo, abokatua

19:00-19:15

Galde-eskeak