II. Argazki Geologikoen Lehiaketa antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak
UPV-EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearekin elkarlanean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak II. Argazki Geologikoen Lehiaketa jarri du abian, bigarren urtez jarraian. Ekimen honen helburua Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerriek osatzen duten lurraldearen eta bertako balio natural, geologiko eta kulturalen ezagutza zabaltzea da.
Maiatzaren 28tik ekainaren 3ra bitartean, Europako Geoparkeen Astea ospatuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak Deba, Mutriku eta Zumaiako herrietan, egitarau zabal batekin, eta lehiaketa ekimen horien baitan antolatu da.
EAEko eta inguruko komunitateetako edozein Bigarren Hezkuntza eta Batxilergo Ikastetxeetako ikasleek parte har dezakete lehiaketan. Hain zuzen, DBHko lehen hiru argazki onenak eta Batxilergoko lehen hiru argazki onenak sarituko dira.
Argazkiak baloratzeko garaian, gaiarekin zerikusia duen argazkien kalitate artistikoa eta zientifikoa hartuko dira kontuan. UPV-EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Ataleko irakasleak izango dira epaimahaikide.
Lanak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko, maiatzaren 23ra arte. Oinarrien, sarien eta epeen inguruko informazio guztia www.geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke.