Inauguratu da enpresa-proiektuak sortzeko espazio berria, Debegesa ondoan
Jon Iraola Eibarko alkateak enpresen inkubagailu bat inauguratu du Debegesako instalazioen ondoan, Azitaingo industrialdean. Egitasmoaren helburua da eskualdean ekintzailetzari laguntzeko zerbitzua indartzea, Debabarreneko ekintzaileei lanerako guneak partekatzeko aukera eskainiz.
inkubagailu honek babesa emango dio Basque Precision Technology District Eskualdeko Estrategiari lotutako industria-arloko proiektuak eta jarduerak garatzeari. Gainera, espazio berri honek udalerrian eta eskualdean egun dauden beste inkubazio gune batzuen osagarri izan nahi du, hala nola Eibargunea enpresen haztegiarena, Ermuko Izarra Centrerena edota Tekniker haztegi teknologikoarena; eta koordinatuta eta lankidetzan arituko da eskualdean dauden gainerako azpiegitura eta baliabideekin. Inkubagailu berriak teknologiarekin lotutako enpresa sortu berriak hartuko ditu.
Inkubagailuak, industria arloari lotua, bost bulego izango ditu eta lankidetza gune ireki bat, inguruko industriaren erronka berriei erantzuteko, bai eta barne-ekintzailetzako proiektuei laguntzeko ere. Gainera, bilerak egiteko tokiak eta office bat izango ditu.
Inaugurazio ekitaldian Eibarko alkateak zinta moztu zuen eta bertan izan da baita ere Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañaga. Ekitaldira, halaber, eskualdeko alkateak gonbidatu dira; izan ere, egitasmoak eskualdeko ekintzaileei ere onura ekarriko die.
Proiektu honetarako, kostu osotik (250.000 euro) Eibarko Udalak 220.000 euro inguru inbertitu ditu, hau da, proiektuaren kostu osoaren % 90eko udal inbertsioa. Bestalde, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak bai Debabarreneko Ekonomia Garapenerako Elkarteak 15.000 euro inguru jarri dituzte, hurrenez hurren.
Ekintzailetza, ikerketa eta enpresa-garapena bultzatzeko tokia
Jon Irolak egin duen hitzaldian zera nabarmendu du: “Egitasmo hau Eibarko Udalak, enpresa berriei lagunduz, ekintzailetza, ikerketa eta enpresa-garapena bultzatzeko egin duen apustu garbiari esker jarri da abian. Herritarrek egitasmo berriak sortu nahi dituzte, baina, batzuetan, baliabide ekonomikorik edo espaziorik ez edukitzea eragozpen erabakigarria da proiektu horiek gauzatzeko orduan. Hori dela eta, azpiegitura berri honek indartu egingo du Eibarrek xede horretarako dituen espazioen aukera.”
Eta gaineratu duenez, “Eibarko Udalean argi izan genuen, hasieratik, gure herriak eta ekintzailetzak eta enpresa-ikerketak leku berri bat izatea merezi zutela, lan horien garapenak exijitzen dituen maila eta ezaugarriak izango dituzten instalazio batzuekin. Horregatik, gure apustu ekonomikoa egitasmoaren aldeko apustuaren adinakoa izan da.”
Azkenik, Iraolak ziurtatu duenez, “Gune berri honek proiektu berritzaileak gauzatzea erraztuko du, enpresentzako topagune bilakatuz, eta, udalerrira aberastasuna eta enplegua erakartzeaz gain, Eibarren jarduera ekonomiko berriak garatzea sustatuko du. Eta horrek ere eragina izango du eskualdean.”
Inkubagailuaren egokitzapen-lanak duela sei hilabete baino gehiago jarri ziren martxan, eta proiektua Eibarko Udalak eta Debegesak bere garaian sinatutako hitzarmenaren emaitza izan da. Azken entitate hori arduratuko da inkubagailu berria kudeatzeaz eta dinamizatzeaz, eta aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua eskainiko die industria-sektorean negozio-ideia bat duten pertsonei.