Industria arloko eskualdeko enpresetan bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurrien diagnosia burutuko du Debegesak
- Eskualdeko 231 enpresei galde-sorta bat bidali
zaie, ondoren erantzunak jaso eta ondorioak ateratzeko. - Diagnosiaren emaitzak hil honen amaiera aldera
emango ditu ezagutzera Debegesak.
Debegesak, Debabarreneko Garapen
Ekonomikorako Elkarteak, sentsibilizazio
kanpaina baten baitan DEBABARRENEKO INDUSTRIA AROLOKO ENPRESETAN BIZITZA
PERTSONALA, FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEKO ABIAN DIREN NEURRIEN DIAGNOSTIKOA
burutuko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lankidetza eta Berdintasun Sailaren
laguntzarekin. Honela, eskualdeko 231 enpresa industrialei galdetegi bana
bidali zaie, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko asmoz
enpresa hauek abian dituzten neurrien gaineko informazioa jasotzeko
helburuarekin.
Ikerketaren helburu
nagusia Debabarreneko eskualdeko enpresetan bizitza pertsonala, familia eta
lana bateragarri egiteko ezarrita edota ezartzeko aukerak dituzten neurriak
ezagutzea da, enpresa hauen benetako egoera ezagutu eta iradokizun eta ekintza
ildoak proposatu ahal izateko.
Debabarreneko
eskualdeko enpresen artean lehiakortasun estrategiak bultzatzeko erantzukizuna du
Debegesak, eta zentzu horretan gero eta argiago dugu enpresa horiek osatzen
dituzten pertsonak direla helburu hori lortzeko gakoa. Are gehiago, bizitza
pertsonala, familia eta lanaren bateragarritasunak langileen gogobetetzea eta
leialtasuna hobetzen lagundu dezaketela uste dugu, enpresen errentagarritasun
eta produktibitateari modu positiboan eraginez.
Gainera, Euskadiko
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ere (EGAB), enpresa barnean bizitza
pertsonala, familia eta lana bateragarri
egiteko neurriak ezartzea beharrezkoa dela gogoratu du, enpresetan belaunaldi
erreleboa bermatzea ahalbidetuko duen biztanleriaren hazkundea bultzatzeko.
Ikerketa
honen emaitzak maiatza bukaerarako egongo dira eskuragarri eta ondoren
ezagutzera emango dira.