Iragarki-taula birtuala jarri du abian Debegesak webgunean, negozio aukeren berri eman asmoz
Debegesak espazio berri bat sortu du bere webgunean, informazio zabaldu eta partekatzeko helburuarekin. Iragarki-taula birtual bat da eta ekintzaileei eta enpresei zuzendutako informazioa jasoko du, hala nola, negozio aukera eta eskualdean dauden enpresa-inkubagailuei buruzko informazio orokorra. Debabarrenean enpresa-jardueren garapena bultzatzea bilatzen du ekimenak.
Iragarki-taula birtual honekin hainbat herritarren eskaerei erantzuna eman nahi dio Debegesak. Izan ere, bat baino gehiago dira Debegesara hurbildu direnak euren negozioa, errentagarria izanik, utzi egin behar dutela esanez –arrazoi ekonomikoak ez diren beste arrazoiengatik, erretiroa esaterako –. Honela, negozio hauei jarraipena eman nahi dieten ekintzaileek aktibitate hauen berri izateko modu eraginkorra izan nahi du espazio honek. Kasu hauetan Debegesak negozioaren bideragarritasun analisia egiteko zerbitzua eskainiko du, negozioari orientazio berri bat emateko aholkularitza, finantzazioari buruzko informazioa…
Halaber, iragarki-taulak Eibar, Elgoibar eta Ermuan dauden enpresa-inkubagailuei buruzko informazio orokorra jasotzen du.
Erabiltzaileak webguneko portadatik sartu ahal izango dira iragarki-taulara. Norbaitek iragarki bat jarri nahi izango balu, aukera izango du horretarako bertan agertzen den formularioaren bitartez.