Itzio eta Aldatze ikastetxeetako ikasleek Eibarko enpresa industrialak bisitatu dituzte
Eibarko Udalak bultzatuta, eta Debegesaren laguntzarekin, Eibarko Itzio eta Aldatze ikastetxeetako ikasleak herriko hainbat enpresa industrial bisitatzen izan dira egunotan. Bisita hauek “Bai Industriari!” ekimenaren baitan antolatu dira. Debabarreneko industria sektorea sustatzea du helburu ekimen honek.
15 eta 16 urte bitarteko 67 ikaslek hartu du parte ekimenean. Gazteek eskualdeko sektore industrialaren errealitatea bertatik bertara ezagutzea dute bisita hauek helburu.
Pasa den ostiralean, maiatzaren 4an, Aldatze ikastetxeko 42 ikasle ABC eta JAZ ZUBIAURRE enpresetan izan ziren. ABC enpresak konpresoreak egiten ditu eta JAZ ZUBIAURREk eskuila industrialak fabrikatzen ditu. Lehen bisitan, ABCko Giza Baliabieen Arduradun Iker Ugaldek egin zien harrera gazteei. Jaz Zubiaurre enpresan, berriz, Manu Ledo Kalitateko Arduradunak egin zituen gidari lanak.
Gaur astelehena, Itzio ikastetxeko gazteen txanda izan da. Bertako 25 ikasle espeka-zuhaitzen fabrikatzaile den EPC (Engine Power Components) enpresara joan dira. Bisitan Julen Goicolea konpainiako Produkzio Arduradunak eman dizkie azalpenak neska-mutilei.
Ekimena Valora programaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatua dago, Euskadiko 2007-2013 programa operatiboaren bitartez.