Julen Zabaleta Barrenetxea marrazkilariak jasoko du Gure Balioak Saria 2018, “bere legatu historiko-artistiko garrantzitsuarengatik”

2018-10-09 Iruzkinik ez

Sortzez elgoibartarra, baina 60 urte baino gehiago daramatza Eibarren bizitzen; Julen Zabaleta Barrenetxea marrazkilariak jasoko du aurtengo Gure Balioak Saria. Ume-umetatik izan du marrazketarako zaletasun handia eta hasieratik erakutsi zuen talentu berezia horretarako. 97 urterekin, marrazten jarraitzen du, luma-muturrez, “maisuki eta trazu sendoz”. [Ikusi Julen Zabaletaren zenbait marrazki: labur.eus/JulenZabaleta]

Gizarte, enpresa eta hezkuntza arloan diharduten Debabarreneko sei lagunek osatutako epaimahaiak erabaki du saria Julen Zabaletari ematea, “bere zalantzarik gabeko talentu, ekimen eta izaera altruistarengatik; beti prest bere ilustrazio lanak behar izan dituzten pertsona eta erakundeekin kolaboratzeko eta bere ekarpena egiteko”. Marrazketarako duen pasioari leial jarraituz, nabarmentzekoa da liburu ilustratzaile gisa Julen Zabaletak egin duen ibilbide emankorra, “eta ez du inoiz zalantzarik egin bere marrazkiak uzterako orduan, trukean ezer eskatu gabe”.

Elgoibar, Eibar eta, oro har, Debabarreneko eskualdeari oso loturik egon da, eta azken hamarkadetan gogotik marraztu du gure herrietako eraikin eta alderdi esanguratsuenak erralismo eta zehaztasun handiz jasoz. Hala, epaimahaiak modu oso positiboan baloratu du Julen Zabaletaren lana, “balio artistiko eta kultural handikoa; bere obraren bidez, Debabarreneko eta, oro har, Euskal Herriko aberastasun historiko eta arkitektoniko oparoa ikus daiteke, baita geure herriek bizi izan duten eraldaketa ere”. 

Azkenik, epaimahaiak aintzat hartu du artistaren “lan isil eta etengabekoa, sormena, umiltasuna eta aldarte ona”.

Julen Zabaleta Barrenetxea izango da Gure Balioak Saria jasoko duen bederatzigarren pertsona, 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu. Debabarrenean bereizgarri diren balioak eta Gure Balioak egitasmoak sustatu nahi dituenak dira: ekintzailetza, lankidetza, errespetua eta integritatea.

Saria datorren urriaren 25ean banatuko da Mallabiko pilotalekuan, 19:00etik aurrera. Mallabiko Udalarekin batera, beste urte batez, DanobatGroup enpresaren laguntza izango du Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldiak.

Saridunak Juan Luis Baroja Collet artistaren eskultura bat jasoko du, sari honetarako bereziki diseinatua.

 

Julen Zabaleta Barrenetxeari buruz

Sortzez elgoibartarra, Julen Zabaleta Barrenetxea Eibarren bizi da duela 60 urte baino gehiagotik. Ume-umetatik izan du marrazketarako zaletasun handia eta hasieratik erakutsi zuen talentu berezia horretarako. Sei urterekin aitak bere lehenengo arkatza oparitu zion eta ordutik egun bakar batean ere ez dio marrazteari utzi. 97 urte ditu eta marrazten jarraitzen du luma-muturrez maisuki eta trazu sendoz.

Afizioa ofizio bihurtu eta makina-erramintaren arloko hainbat enpresatan lan egindakoa da, delineatzaile eta proiektugile gisa, makinen marrazkiak eta argibide-liburuetarako makinen funtzionamendua azaltzen zuten krokisak egiten. 15 urte zituela hasi zen lanean, Elgoibarko forjetan lehenengo eta ondoren Ciaran, Jarbe, Goiti eta Danobaten. Azken honetan hartu zuen erretiroa 1986an.

Bere trebeziari eta konstantziari esker 7.000 marrazki inguru egin ditu luma-muturrez Debabarreneko herrietako eta Euskal Herriko eraikin eta alderdi esanguratsuenak jasoz. Gipuzkoako ermita guztiak eta Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako gehientsuenak marraztu ditu, baita eliza, eraikin publiko, baserri, dorretxe, lantegi, garai bateko ogibide eta tradizioak, etabar. Irudi horiek guztiak ondo gordeta dauzka etxean, ederki sailkatuta.

Nabarmena da, halaber, liburu ilustratzaile gisa egin duen ibilbidea. Asko eta asko dira bere marrazkiak jaso dituzten argitalpenak, besteak beste, Pan-Pin Zeruko Argia aldizkariak 1960-1969 urte bitartean argitaratu zuen komiki-aldizkaria, Eibar, Tintaz eta lumaz (2010), Elgoibar, iragana eta oraina (2008), Juan San Martin idazle eibatarraren -Julen Zabaletaren koinata- Zirikadak (1960) eta Eztenkadak (1965), Goierri Marrazkitan (2013), Amaia: VIII. Mendeko euskaldunen istorioak (2006), Ramiro Larrañagaren Armeros vascos (2001), Jose Antonio Azpiazuren Historia de un rapto (1999), Historia de Corsarios vascos (2005) eta Esa enfermedad tan negra. La peste que asoló Euskal Herria (1597-1600) (2011), Javier Carballoren Convento San José de la Carmelitas descalzas (2008) edota bere lagun Carmelo Urdangarin ikerlariak (Gure Balioak Saria 2013) argitaratutako Oficios Tradicionales bildumako liburuak.

 

Aurreko edizioetan sarituak

Debegesa garapen agentziak sustatu eta antolatzen du urtero Gure Balioak Saria; Debabarreneko eskualdean pertsona edo entitate batek bere ibilbidean zehar sustatu dituen giza balioei aitortza egitea du xede.

Gure Balioak Saria Debegesa garapen agentziak sortu zuen 2010ean eta urtero banatu izan da. Aurreko edizioetan saridunak hauexek izan dira:

  • 2017: Felix Etxeberria Larrañaga
  • 2016: Nerea del Campo Agirre
  • 2015: Antonio Cancelo Alonso
  • 2014: Sabin Osoro Unzueta
  • 2013: Carmelo Urdangarin Altuna
  • 2012: Jesus Bilbao Azpiri
  • 2011: Gemma Aguirregomezkorta Laka
  • 2010: Mª Tere Ganchegui Juaristi