KIROLA EUSKARAZ ekimeneko fitxa berriak aurkeztu dira Debegesan

2006-10-09 Iruzkinik ez

Gaur goizean egin dute Debegesan KIROLA EUSKARAZ proiektuko 2007ko fitxa berrien aurkezpena. Bertan izan dira Iñaki Ugarteburu Foru Aldundiko Kirol Zuzendari Nagusia, Estibalitz Alkorta Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia eta Alfredo Etxeberria Debegesako Lehendakariordea eta Elgoibarko Alkatea.

 

XVIII. edizio honetan, jaioberrien ur-jarduerak eta areto futbola izan dira fitxen oinarri eta Aitziber Muñoz, Maddi Urbieta eta Izaskun Luis de Cos izan dira egileak.

 

KIROLA EUSKARAZ kirol mundua euskararen normalizazio bidean jartzeko proiektua da eta Debabarrena eta Debagoienako 14 udalek hartzen dute parte. Euskara kirol munduan sustatzeko bidean, “teknikariek eta monitoreek garrantzi handia dutela” argi utzi nahi izan du Alfredo Etxeberria Debegesako Lehendakariordeak. Deba arroan, bestalde, lan handia egin da arlo honetan azken urteetan, eta esfortzu hori eskertu nahi izan du Iñaki Ugarteburu Foru Aldundiko Kirol Zuzendariak. Halere, “egiteko asko dago oraindik eta bide berean jarraitu behar dela” aldarri egin du Ugarteburuk.

 

Ildo beretik bideratu ditu bere hitzak Estibalitz Alkorta Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak, eta Deba arroan egiten den lana eskertu nahi izan du. Euskararen normalizazioa “lehentasunezko gaia” dela ere argitu nahi izan du. Horrekin batera, orain gutxi sortu den www.kirolaeuskaraz.net webgunearen berri eman du Alkortak, eta tresna berri hau euskararen eta kirolaren arteko lokarri izatera datorrela aitortu du.

 

Segidan, aurtengo fitxen egileek hartu dute hitza. Esan bezala, jaioberrien ur-jarduerak izan dira aurtengo oinarrietako bat, eta Izaskun Luis de Cos-ek fitxen argibideak eman ditu. Bere aldetik, Aitziber Muñozek areto-futbolari buruzko fitxen gainean jardun du. Aipatu fitxok aurtengo Durangoko Azokan eskuragarri egongo dira.

 

2008rako gaia txirrindularitza izango da eta beka 4.000 eurokoa izango da, orain arte 3.500 izan bada ere. Gainera, marrazkilari lanetarako langile bat izango dute bekadunek, edukietan sakontzeko aritzeko beta izan dezaten. Proiektuak aurkezteko epea urtarrilaren 18a izango da.