Kolonbiako eraikuntza sektoreko enpresarien bisita Eibarko Mogel auzora
Tecnaliak antolatuta, gaur goizean Kolonbiako eraikuntza sektoreko enpresarien eta Bucaramanga eskualdeko merkataritza-ganberako ordezkaritza batek bisita egin du Eibarko Mogel auzora, bertan egiten ari diren birgaitze lanak bertatik bertara ikusteko asmoz. Mogel auzoaren birgaitze integralerako proiektuak auzo honetako etxebizitza-eraikinen eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna hobetzea du helburu.
Debegesako Hirigintza eta Birgaitze Saileko arduradun Esther Zarrabeitiaren azalpen teknikoak entzun ostean, ordezkaritza osatu duten sei kideek ibilbidea egin dute auzoan zehar, birgaitze lanak ezagutu eta auzoaren eraldaketa sakona ikusteko helburuarekin. Halaber, auzo-elkarteko kide diren bi bizilagunekin hitz egiteko aukera izan dute eta eraikinetako batera ere sartu dira.
Mogel auzoa birgaitzeko proiektua eraginkortasun energetikoa sustatzea helburu duen Europako proiektu baten barruan dago, ZenN ‘Nearly Zero Energy Neighborhoods’ deritzona, beste hiru proiekturekin batera: Grenoblen (Frantzia), Malmon (Suedia) eta Oslon (Noruega). Tecnalia da europar proiektu honen koordinatzailea.
Mogel auzoa birgaitzeko proiektuak honako hobekuntza hauek ahalbidetu ditu: igogailuen instalazioa, eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko etxaurrea eta teilatuen birgaitzea eta ur beroarentzako eguzki-plaken eta akumuladore zentral baten instalazioa. Bizilagunek osatutako batzordea da proiektuaren sustatzailea eta Debegesa garapenerako agentziak eta Eibarko Udalak bultzatzen dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.