Langabezia egoeran dauden 35 eta 45 urtetik gorakoen enplegagarritasuna sustatzeko bi programa abiatuko dira Eibarren
Eibarko Udalak programa bi abiatuko ditu langabezian dauden herritarrei zuzenduta: Esperientzia +45 da aurrenekoaren izena, manufaktura-sektorean lan egin duten eta egun langabezia egoeran diren 45 urtetik gorakoentzat. Bigarrena, Zu Zeu Gidari deritzona, 35 urte edo gehiago eduki eta erdi-mailako edo goi-mailako prestakuntza dutenei dago zuzenduta.
Programa bi horien jatorria, oinarria, Eibarko Udalaren ekimenez 2015. urtean sortutako Enplegu Mahaian dugu. Mahai horretan eskualdeko 8 Udalek, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, enpresetako gerenteek eta Debegesak hartzen dute parte. Enpleguaren alorrean garatzeko Mahai horretatik sortutako ekimenak eta proposamenak koherenteak dira enplegu-eskatzaileen profila aztertzerakoan ateratzen diren emaitzekin; ekimenok bat datoz enpresek dauzkaten premiekin edo/eta enpresetan kolokatzeko dauden aukerekin.
Lehenengo programa, Esperientzia +45 deritzona, manufaktura-sektorean lan-esperientzia duten eta, gaur egungo egoera ekonomikoagatik, lanik gabe geratu diren 45 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago: pertsona horien lanbide-orientazioari norabidea eman eta berriro kolokatzeko asmoz egindako proiektua. Programa horretan 15 pertsonek hartuko dute parte eta era pertsonalizatuan lagunduko zaie.
Proiektuak atal bi ditu: bata, planaren hartzaileei zuzendutakoa; bestea enpresentzat pentsatutakoa. Lehenengo atalean, eskatzen den profilarekin bat datozen pertsonak identifikatuko dira; ondoren, pertsona horien gaitasun teknikoa eta pertsonala, trebetasunak eta indarguneak aztertuko dira. Hurrengo urratsa hautagaien enplegagarritasun-mailari buruzko diagnostikoa egitea izango da, haien motibazioa eta aktibazioa aztertzea. Hori egin ondoren, kualifikazio-baliabideen orientazio-prozesua egingo da; eta parte-hartzaileen gaitasunak homologatzeko aukera aztertuko da, profesionaltasun-ziurtagirien bidez edo beste bide batzuen bitartez. Ekintzailetzara bideratuta, trebetasunak eta jarrerak garatuz emango zaio amaiera proiektuari.
Aldi berean, Eibarko industriek edo tailerrek duten kontratazio-premiak aztertuko dira eta, horretarako, 100 bat enpresarekin hitz egingo da, enplegua sustatzeko edota kontratatzeko laguntzen inguruko programen berri ere emanez. Programa horrek lagundu egingo du proiektuan parte hartuko duten pertsonen profila enpresek edo tailerrek dituzten beharrekin hobeto egokitzen.
35 urtetik gorakoentzako programa
Bigarren programa, Zu Zeu Gidari deiturikoa, enplegurako autogestio-sare bat sortzean datza, erdi-mailako edo goi-mailako prestakuntza duten 35 urtetik gorakoentzat pentsatua.
Programa honek —hasiera batean behintzat— 20 parte-hartzaile aukeratuko ditu, eta bigarren fase batean, aukeratutako pertsona horiek hartu, entrenatu (gaitasunak landu), autogestionatutako taldeak eratu (parte-hartzea, bisitak, prospekzioa) eta banan-banan laguntzeko saioak egingo dira. Hortaz, pertsona horien enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko xedez, Debabarreneko Aholkulari Sarearekin hainbat bilera egingo dira.
Eskaerak Pegoran aurkeztu behar dira azaroaren 16tik abenduaren 9ra bitartean.
Esandako programa hauek Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoko, Enpleguko eta Berrikuntzako Sailak bultzatuko ditu, DEBEGESArekin elkarlanean.