Latinoamerikatik etorritako ordezkaritza batek Debegesara egin du bisita

2012-05-03 Iruzkinik ez

Brasil eta Argentinatik etorritako teknikari talde batek Debegesara egin zuen atzo bisita, garapen agentziak burutzen duen lana bertatik bertara ezagutu asmoz. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak (UAB) gidatzen duen nazioarteko lankidetza proiektu baten baitan kokatzen da bisita hau.

 

Hain zuzen, STRAVAL proiektuaren barruan egiten ari diren ekimenetako bat izan da. Proiektu honetan 6 Unibertsitatek hartzen dute parte, 3 europarrak eta 3 latinoamerikarrak, partaide diren eskualdeen arteko lankidetza proiektuak abiarazteko eta lurralde hauetako unibertsitate eta enpresak harremanetan jartzeko, ondarearen kudeaketa eta landa garapeneko proiektuak sortzeko asmoz.

 

Latinoamerikako zonalde ezberdinetatik etorritako teknikariak STRAVAL proiektuaren koordinatzaile eta UABeko irakasle Jose Luis Briansó eta Brasilgo Santa Catarina-Río Grande do Sul zonaldean etorkizunean Geoparkea sortzeko aholkulari lanetan diharduen Joan Poch irakasleak lagunduta etorri ziren. Debegesako Zuzendari Gerente Juan Angel Balbasek egin zien harrera bisitariei, eta Cristina Iturriagagoitia Turismo Saileko arduradunarekin eta Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko Gerentearekin elkartu ziren.

 

Bisitariek Debegesak burutzen duen lanaren inguruan agertu zuten interesa, garapen jasangarriaren arloan, turismoa, enpresa mundua, hirigintza, prestakuntza….

 

Aurreko egunetan taldeak Euskal Kostaldeko Geoparkea bisitatzeko aukera izan du eta bi egunez bertako leku interesgarrienak ezagutu dituzte.

 

Bisita honek lehen kontaktu bat egiteko balio izan du eta hurrengo baterako hitzordua jartzeko asmoa agertu dute alde guztiek.