Laugarren urtez, Deba ibaiaren garbiketa egingo da larunbatean

2014-06-23 Iruzkinik ez

Beste urte batez, Debegesa Garapen Agentziak, Debako Udalak eta herriko hainbat elkartek,  URA-Uraren Euskal Agentziaren laguntzarekin, ibaia auzolanean garbitzeko ekimena antolatu dute, Deba ibaiaren kontserbazioan eta hobekuntzan herritarrak protagonista bihurtu asmoz. Hitzordua larunbat honetan izango da, Deban.

Ekimenarekin bat egin duten elkarteak dira: Debako Gurutze Gorria, Zubi Guraso Elkartea, Yako Surf Eskola, Deba Kayak Piraguismo elkartea eta La Lubina elkartea. 

Deba ibaia garbitzeko auzolana antolatzen den laugarren urtea da. Iaz 100 bat boluntario batu ziren eta aurten ere antolatzaileek deia luzatu die herritarrei ibaiaren garbiketan parte har dezaten. Debabarreneko herritar guztiak daude gonbidatuta, adin guztietakoak, helduak zein haurrak.

Programa

Iaz bezala, ibaiaren garbiketa bi modutara egingo da, oinez eta mota guztietako ontzietan ibaian barrena, bata goizez eta bestea arratsaldez.

Eguneko lehen hitzordua 11:00ean izango da, Anes Arrinda pasealekuan. Lehendabizi azalpenak emango zaizkie boluntarioei, garbiketa nondik nora egingo den, zaborraren sailkapena eta tratamendua nola egingo den, etab.

Taldeetan banatu ostean, boluntarioek oinez egingo dute garbiketa, Debako hezegunean, ibai bazterrean. Arropa erosoa eta zapata egokiak eramatea komeni da. Garbiketarako beharrezko materiala -eskularruak, zabor-poltsak, etab- Debegesako kideek eramango dute. Ordubetez luzatuko da garbiketa eta, ondoren, 12:30ean, luncha eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.

Arratsaldez egingo da bigarren lan-saioa. 15:30ean da hitzordua, Anes Arrinda pasealekuan. Boluntarioak ibai barrenean ontzietan arituko dira hondakinak ibaitik ateratzen. Horretarako, boluntarioek ekarri beharko dituzte txalupak, piraguak, paddle surferako taulak…. 18:00etan askaria eskainiko zaie lanean jardun duten guztiei.

Izen-ematea

Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena, 943 82 01 10 telefonora deituz edo debaibaia@debegesa.com helbidera idatziz, ekainaren 26a baino lehen. 18 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan behar dira.

Ekimen honek Debegesaren bi proiektu uztartzen ditu, Ibai Lagun eta Gure Balioak egitasmoak, eta helburu bakarra dute, herritarrak sentsibilizatzea eta ingurumena zaindu eta errespetatzearen garrantziaz ohartaraztea.