Martxan da enpresa-jarduera berriak sortzea helburu duen HELDU! ekintzailetza programa
Eibarko Udalaren Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak, Debegesa eskualde-garapenerako agentziarekin lankidetzan, ekintzailetza-programa berritzailea garatzeko deialdia zabaldu zuen pasa den ekainean. Orain, hautatutako sei proiektuek formakuntza lehen fasea hasi dute. Besteak beste, kirolari eta bizimodu osasungarriari, ingurumen-kudeaketari eta ingeniaritza-aholkularitzari lotutako negozio-ideiak dira HELDU! Programan parte hartzen duten proiektu motak.
HELDU! programa Eibarren izaera berritzailea duten ideia edota negozio-lerro berriak probatzeko eta baliozkotzeko dago diseinatua. Programak hiru hilabeteko iraupena izango du eta besteak beste, enpresa-jarduera berriak sortzea eta Azitaingo industrialdean urte hasieran martxan jarri zen haztegia dinamizatzea du xede ekimen honek.
Laguntza-prozesuaren lehen fasea hasita, parte artzen duten pertsonak hilabete amaierara arte taldeko formakuntza batera etorriko dira Debegesako hazitegi berrira eta Debegesako pertsonal teknikoak koordinatuko du. Parte-hartzaileek formazio espezializaturekin hasi dira eta bigarren fasean, adituen aholkularitza eta tutoretza pertsonalizatua jasoko dute. Aholkulari-taldea bai ezagutza-arloan, bai enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzan esperientzia handia duten pertsonek eta aholkulariek osatuko dute.
Jarduera horiek guztiak Azitaingo industrialdeko haztegi berriko gune irekian egingo dira. Bertan, HELDU! programan landuko diren ideiak garatzeko laguntzaz eta haztegiaren inguruan sortuko den sareaz gain, programak Eibarko eta Debabarreneko ekosistema ekintzailerako sarbidea emango du, zeina enpresa sare zabal batez, punta-puntako zentro teknologikoz eta ikerketa-zentroz osatua baitago.
HELDU! programak parte-hartzaileei beren ideia garatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskainiko dizkie, bai eta ideia berritzaileko komunitate ekintzaile bat sortzeko tokia ere. Izan ere, Azitaingo industrialdean urte hasieran martxan jarri zen haztegia dinamizatzea du xede 3 hilabeteko iraupena izango duen ekimen honek.