Mendaroko ikasleek euren proposamenak aurkeztu dituzte udalbatzarrean Eskolako Agenda 21 programaren baitan

2011-05-04 Iruzkinik ez
  • Hirugarren urtez gaur burutu den
    udalbatzarrean Mendaroko Ikastolako Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako
    ikasleek hartu dute parte, herriko alkate Irune Berasaluze eta Udaleko Kultura
    teknikariarekin batera.
  • Birziklatzeko zakarrontziak
    jartzea, kirol eta aisialdirako gune bat egokitzea edota energia berriztagarriak
    erabiltzeko aukera aztertzea dira aurkeztu dituzten proposamenetako batzuk.
  • Udalaren erantzuna jaso dute
    gazteek, horien artean, Udalak EVErekin sinatu duen akordioa izan du mintzagai
    alkateak.

 

Gaur burutu da
Mendaroko Udaletxean Eskolako Agenda 21
programari buruzko udalbatzar berezia. Bertan, Mendaroko Ikastolako LH-ko 4.,
5. eta 6. mailako 30 bat ikaslek hartu du parte, Mendaroko alkate Irune
Berasaluze eta Udaletxeko Kultura Teknikariarekin batera.

Ikasleek aurtengo
ikasturteko gai nagusia izan den kontsumo
jasangarriaren gainean burutu duten diagnosiaren ondorioak aurkeztu dituzte
eta Mendaro jasangarriagoa egin asmoz hainbat proposamen aurkeztu dizkiete udal
ordezkariei.

Udalbatzarra goizeko 10:30ean hasi da. Gaztetxoek ikasturtean
zehar Eskolako Agenda 21 programaren baitan egindako lanaren nondik norakoak
azaldu ostean –Mendaroko Ikastolako 215 ikaslek hartu dute parte orotara-,
ikasleek 10 proposamen aurkeztu
dituzte. Ikastola  hobetzeko proposamenen artean, honako eskaera hauek
egin dituzte: Ikastola ondoan dauden papera jasotzeko edukiontziak egokitzea
erabilerrazagoak bihur daitezen, birziklatzeko zakarrontziak ipintzea, ikastetxeko
uraren instalakuntzak modu egokian mantentzea, ikastetxeko instalakuntzetan
energia aurrezteko aukeren azterketa burutzea, eta energia berriztagarrien
aldeko apustua egitea. 

Herrira zuzendutako proposamenen artean, berriz, zabor
organikoa jasotzeko edukiontziak ipintzea, hondakinen gaikako bilketa ahalbidetzeko
zakarrontziak jartzea, hiri-altzariak berritu eta egoera onean mantentzea,
herritarren artean energia berriztagarrien erabilera bultzatzea eta, azkenik,
kirol eta aisialdirako gune bat egokitzea eskatu dute.


Udalaren
erantzuna, EVErekin akordioa eta aisialdirako gune berria

Udal ordezkariek ikasleek aurkeztutako proposamen guztiei
eman diete erantzuna. Irune Berasaluze alkatearen hitzetan, herriko kaleetan
zein ikastola inguruan birziklatzeko zakarrontziak jartzeko aukera aztertzen
ari da dagoeneko Udala.

Bestalde, Udalak EVErekin sinatu duen akordioa aipatu du
Berasaluzek. Akordio honi esker, energia aurrezteko aukerak eta udal
eraikinetan energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko aukerak aztertuko
dira.

Zabor organikoei dagokienez, mankomunitatea edukiontzi
marroia ipintzeko lanean dabilela zehaztu du alkateak. Honela, laster ikus ahal
izango dira zabor organikoa jasotzeko edukiontziak Mendaroko kaleetan.

Gazteen beste eskakizun bati erantzunez, ikastolako
jolastokia estaliko dutela aurreratu du Berasaluzek, gazteek aisialdirako eta
kirola egiteko leku egokia izan dezaten. Hain zuzen, lehiaketa irekia antolatu
du Udalak, ideia lehiaketa eran, eta 58 arkitektoren lanak erakusgai dira
Udalean herritarrek ezagutu ditzaten eta gustukoen dutenaren aldeko bozka eman
dezaten.

Eskualdeko garapen agentziak, Debegesak, urtez urte koordinatzen duen
Eskolako Agenda 21 programaren garrantzia azpimarratu ostean, alkateak bere
poztasuna agertu du proiektuan parte hartu duten gazteek erakutsitako interesa
eta inplikazioagatik.