Mendaroko ikasleek mugikortasuna hobetzeko proposamenak aurkeztu dituzte udalbatzarrean
Gaur goizeko 11:00etan Sonia Garcia Mendaroko alkateak eta Borja Rodriguez alkateordeak harrera egin diete Udalbatza aretoan Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten Mendaroko Ikastolako ikasleei.
Debegesa garapen agentziaren koordinaziopean, aurtengo ikasturtean Debabarreneko ikastetxeetan mugikortasuna izan da landutako gaia. Mendaroko Ikastolak ere parte hartu du egitasmoan.
Hala, Mendaroko Ikastolako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek herriko diagnostikoa burutu dute, eta hobetu beharreko puntuak identifikatu eta horiek bideratzeko proposamenak egin dituzte.
Gaurko ez-ohiko batzarrean, ikasleek herriko mugikortasuna hobetzeko eta jasangarriagoa bihurtzeko proposamenak aurkeztu dituzte eta, arazo hauei irtenbidea ematea denon ardura denez, konpromisoak ere hartu dituzte.
Mugikortasunari buruzko proposamenen artean, honako eskaera hauek egin dituzte: espaloiak konpontzea, Lizaolarako bidea hobetzea, kotxea gutxiago erabiltzea eta erabiltzen dutenek, ondo aparkatzea, eta bidegorriak eta bizikletentzako aparkalekuak jartzea.
Herriaren egoerari zuzendutako proposamenen artean, berriz, Azpilgoetako parkea hobetzea eta parke txikia konpontzea, Garagartzara jaisteko eskailerak garbitzea, egunero kalea garbi mantentzeko garbitzaileak kontratatzea, zakarrontzi gehiago jartzea, Karseko pista kendu eta futbol zelaia jartzea eta herritarrei arauak errespetatzeko eskatuz gutun bat bidaltzea eskatu dute, besteak beste.
Alabaina, eskaera hauez gainera, ikasleek hainbat konpromiso hartu dute, besteak beste, Trinidadeko putzua zainduko dute, ez dute zaborrik botako lurrera, ez dute kalean txiza egingo eta ikastolara oinez joango dira.