Mutrikuko ikasleek mugikortasuna bultzatu dute udalbatzarrean
Atzo, goizeko 11:00etan, Joseba Palenzuela alkateak eta udaleko zinegotzi Jaione Peñak harrera egin zieten Udalbatza aretoan Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten Mutrikuko DBHko ikasleei.
Debegesako Garapen Iraunkorrerako Sailaren koordinaziopean, aurtengo ikasturtean Debabarreneko ikastetxeetan MUGIKORTASUNA izan da landutako gaia.
Gai hau lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikasleek. Besteak beste, kalera atera dira eta herrian dauden mugikortasun arazoak aztertu eta identifikatu dituzte.
Herriko diagnostikoa eginda, atzo goizeko udalbatzarrean, Eskolako Agenda 21 proiektuan parte hartu duten ikasleek mugikortasun jasangarri baten aldeko eskaerak eta proposamenak aurkeztu zituzten.
Garraiobide iraunkor baten alde egin beharra adierazi zuten ikasleek, oinez, bizikletaz edota garraio kolektiboen aukera sustatuz, autoaren erabilera gutxitzeko. Halaber, Udalari hirigintza berrantolatzeko eskaera egin zioten, aparkalekuetara bideratzen den lekua herritarrentzat berreskuratuz.
Halaber, eurek harturiko konpromisoen berri ere eman zuten ikasleek. Horien artean, Institutuko ikasleek “Eskolara Oinez” proiektua martxan jartzeko interesa agertu zuten. Hain zuzen, astean hiru egunetan ikasle txikienei lagunduko diete eskolara oinez joaten, San Miguel Ikastetxera zein Herri Eskolara, ikasturte bukaerako ikas-bidairako dirua lortzeko helburuarekin.
Ikasleek egindako eskaera eta proposamen guztiak kontsultatu nahi dituenak, informazio osoa du www.debegesa.com/eu/garapen-jasangarria/eskolako-a21 atarian.