Nerea del Campo Aguirrek jaso du Gure Balioak Saria, Soraluzen
Nerea Del Campo Aguirre eibartarrak jaso zuen atzo Gure Balioak Saria 2016, Soraluzen, Debegesa Garapen Agentziak Soraluzeko Udalarekin batera, eta DanobatGroup enpresaren laguntzarekin, antolatu zuen ekitaldi hunkigarrian. Del Campo genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko “Mujeres al Cuadrado” elkartearen fundatzailea da eta emakume etorkinen ahalduntzea helburu duen “Empalabramiento” egitasmoaren sortzailea eta arduraduna.
Nerea Del Campo Aguirre Gure Balioak Saria jaso duen zazpigarren persona da, 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu.
Soraluzeko Herri Antzokian egin zen ekitaldiak 100 lagunetik gora batu zituen. Nerea del Campok, hunkituta eta malkoak begietan zituela, Iker Aldazabal Soraluzeko alkatearen eskutik jaso zuen saria, Juan Luis Baroja Collet Debabarreneko artistaren eskultura bat. Bestalde, “= + da” hitzaldia eskaini zuen Ander Bergarak, Emakundeko teknikari eta Gizonduz ekimenaren koordinatzaileak. Soraluzeko Musika Eskolako haurren abesbatzak bi abesti eskaini zituen saioa irekitzeko eta ixteko.