Nuria Robleño eta Sofia Machin – ROYO BRAND
Nola sortzen da negozio-ideia?
(Nuria). Nik Asiara bidaiatu nuen dokumental bat grabatzera, eta hantxe sortu zitzaidan ideia. Modaren sektorearen atzean dagoen errealitatea erakustea xede zuen bideoaren grabaketari ekin nion, kontsumitzen dugunarekin zer gertatzen den eta horrek mundu osoan nola eragiten duen gizarteratzeko. Lau hilabete eman nituen grabatzen eta editatzen, eta, egia esan, zer aurkitu nezakeen imajinatzen nuen arren, bertako egoera nire begiekin ikusi nuenean, asko hunkitu ninduen. Handik bueltan, modaren sektorea errotik aldatu behar zela erabaki nuen; gainera, moda da nire pasioa. Espainian bertan egindako produktua izango zela erabaki nuen, material jasangarriak eta ekoizpen duina ziurtatuko zituena. Hasiera batean arropa marka bat sortzea pentsatu nuen, baina gaur egun merkatu horretan dagoen gainprodukzioaren ondorioz, zapatilen ideia, idea ona izan zitekeela pentsatu nuen. Sofia nire lankidea izateaz gain, nire lagunik onenetakoa ere bada, eta beti amestu izan dugu elkarrekin zerbait sortzearekin; beraz, Sofiak publizitatea ikasi zuenez, elkarrekin ekin genion proiektu honi.
Nolakoak izan ziren ekintzailetzaren bidaia hasteko lehen urratsak?
Ideia bat definitzea zen eman beharreko lehen urratsa; izan ere, marka bat sortu nahi duzunean, beharrezkoa da landuko duzun gaia zehaztea, zer gustatzen zaizun diseinatzea eta kanpoko iritziak eskatzea. Gainera, lehen aurrekontua lortzeko eta zenbat diru beharko genuen jakiteko, era guztietako material-hornitzaileak eta tailerrak bilatu behar izan genituen. Hori zen gehien kezkatzen gintuena, eta benetako gastua zein zen jakin genuenean, hankaz gora jausteko zorian egon ginen! 30.000 euro inguru behar genituen, eta ez genuen sosik ere, ikasleak ginelako eta ez genuelako inoiz lan egin.
Prozesu horretan guztian, zer funtzio du Debegesak? Nolatan jo duzue ate hori?
Ordaindu beharreko diru guztia kalkulatu genuenean, lana bilatu eta laguntzak eskatzea erabaki genuen. Lan egitearena zaila zen, ikasten ari ginelako, eta egin genezakeen bakarra eskolaz kanpoko klaseak ematea zen: ingelesa, musika… Laguntza baten berri izan genuen, sarbide errazekoa zirudiena eta, gainera, hasteko moduko arrazoizko kopurua eskaintzen zuena. Horregatik, DEBEGESAri laguntza eskatzea erabaki genuen, eta hasiera-hasieratik lagundu ziguten gaia sakontzen eta prozesu guztian zehar bidelagun izan ditugu.
Jardueren laguntza jaso duzue. Nolakoa izan da prozesua?
Eskaera egin aurretik, lagunen eta ezagunen bidez lortu genuen informazioa, hortaz, bagenekien zer baldintza bete behar ziren laguntza jasotzeko: alta emanda egotea, eskaera eginda izatea… Prozesua oso erraza izan zen, eta laguntza eman ziguten egunean bertan, proiektua aurkezten ari ginen.
Prozesu erraza izan zen?
Egia da guk ez genuela aurretiko ezagutzarik bideragarritasun-plan bat egiteko orduan, eta DEBEGESAk emandako laguntza hori oso ondo dago. Gure kasuan, nahiko operatiboa eta erraza izan zen: 3 bilera besterik ez, eta horietako bat prestatzeko. Egia da, hala ere, DEBEGESAk funtsezko orientazioa ematen duela antolatzeko eta ulertzeko.
Ekintzailetzaren zer alderdi positibo nabarmenduko zenituzkete?
Ekintzailetzak asko betetzen zaitu barrutik. Zuk nahi duzuna egiten duzu, zuk nahi duzun bezala, eta besteentzat lan egin gabe. Inpaktu sozialeko proiektu batekin hastea oso gogobetegarria da eta balioa ematen dizu. Gainera, horrelako proiektuek errekonozimendu handiagoa dute eta jendeari asko gustatzen zaizkio
Zer gomendio emango zeniokete negozio bati ekin nahi dion norbaiti?
Bizitza bakarra dago eta benetan zoriontsu egiten zaituena egin behar duzu. Guk beti izan dugu helburu hori, eta 21 urterekin 30.000 euroko inbertsioa egiteak ezinezkoa badirudi ere, gogor lan egin dugu helburua lortzeko. Nahi duenak lortu dezake; ahaleginduta lortzen da proposatzen den guztia.
Eskerrik asko neskak!