Pantalan berria du Debak
Duela 2 urte, gutxi gorabehera, Debako Udalak, Euskal Kostaldeko Geoparkeko Zuzendaritza Batzordearen babesarekin, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Zuzendaritzari Deban pantalan berria jartzea eskatu zion, herrian promozio turistikoaren sustapenerako bide berriak irekitzeko helburuarekin.
Txostena Debegesa eskualdeko garapen agentziak egin zuen. Hain zuzen, Debegesa izan da proiektuaren jarraipena egin duena. Txosten honetan nabarmentzen zen Geoparkeko bisitak itsasontziz egiten dituzten bisitariak ontziratzeko eta lehorreratzeko puntu bat behar zuela Debak. Txosten berean, halaber, aipatzen zen pantalanak itsas-salbamendurako beharrei erantzuna eman ziezaiekeela.
Debako Udalaren eskaeratik abiatuta, Garraio Azpiegitura Zuzendaritza azpiegitura berri hau Deban eraikitzeko soluzio egokienaren bila hasi zen. Izan ere, Deba ibaiak dituen ezaugarriek baldintzatu dute pantalan berriaren ezaugarriak eta kokapena. Ibaiak sakonera mugatua du eta barne-astintze handia du. Barne-astintze hori dela eta, pantalana desmuntatu beharra dago neguko hilabeteetan, hori dela eta, kabrestante bat jarriko da operazio hau errazagoa izan dadin.
Debak badu dagoeneko pantalan berria. Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak egin du diseinua eta ordainketa osoa. Aurreikuspenen arabera, laster egongo da martxan pantalana, lanak amaitutakoan.
Pantalanaren instalazioa Amilibia enpresak egin du. 70.000 euroko kostua izan du (BEZ barne), pantalana, baranda eta atea barne.
Pantalan berriari esker Debarentzat aukera berriak irekiko dira, eta asmoa da itsasoz gero eta bisita gehiago erakartzea herrira.
Datozen egunetan Debako Udalaren eta Garraio Azpiegitura Zuzendaritzaren arteko akordioak itxiko dira eta pantalanaren funtzionamendua eta kudeaketa zein mantenu lanak zehaztuko dira.