Sabin Osoro elgoibartarrak Gure Balioak Saria jaso du
Sabin Osoro elgoibartarrak jaso du Gure Balioak Saria 2014, Debabarreneko eskualdean, eta batez ere bere herrian, Elgoibarren, enpresa zein gizarte arloko hamaika ekimen sortzen laguntzeagatik eta sustatzeagatik.
Sari banaketa ekitaldia atzo iluntzean egin zen Mutrikuko Udaletxean. Sabin Osorok Karmelo Urdangarinen eskutik jaso zuen errekonozimendua, Juan Luis Baroja Collet artistaren brontzezko eskultura. Urdangarinek iaz jaso zuen Gure Balioak saria. Aurretik, Javier Elzo soziologoak hitzaldia eskaini zuen “Ziurgabetasun handiko garaietarako balioak” izenburupean.
Karmelo Urdangarin eta Sabin Osoro
Epaimahaiak gehiengoz erabaki du saria Sabin Osorori ematea, ekintzailetasun sozialaren eta enpresaren alorrean egindako lan mardularengatik. Epaimahaiak, bereziki, nabarmendu nahi izan du “bere izaera bisionarioa, bere garairako aurreratua, eta bai herrigintzan eta bai enpresa munduan ere hamaika ekimenen eragile edo sortzaile izan da”. Era berean, epaimahaiak kontuan izan du Sabin Osororen izaera nekaezina eta adoretsua, bizitza osoan buru belarri lanean jardundakoa, eta beti protagonismoari izkin eginez.
Gure Balioak Saria
Sabin Osoro Gure Balioak saria jasotzen duen bosgarren pertsona da 2010ean eratu zenetik Debegesa Garapen Agentziak sustatuta. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen arloan egindako lanagatik eredugarri den pertsona edo erakundea nabarmentzea eta saritzea du helburu. Debabarrenean bereizgarriak eta azpimarragarriak diren gizarte balioak dira ekintzailetza, kolaborazioa-lankidetza, errespetua eta integritatea.
Sabin Osoro, Garbiñe Uriguen emaztearen ondoan, Mutikuko alkate Joseba Palenzuela, Karmelo Urdangarin (Gure Balioak Saria 2013) Javier Elzo soziologoa eta Juan Angel Balbas Debegesako zuzendari nagusiarekin batera
Ikusi sari-emate ekitaldiko argazkiak.