Sare sozialetan lortzen den inpaktua neurtzeko sistema profesionalen gaineko ikastaroa Debegesan
Sare sozialetan komunikatzea eta solasean jardutea bezain garrantzitsua da gure markaren inpaktua neurtzea, hartara jarduera arrakastatsuenak indartu eta gainerako jarduerak zuzentzeko. Honela, maiatzaren 9an eta 10ean ikastaroa hartuko du Debegesak “Gizarte-sareetan lortzen den inpaktua neurtzeko sistema profesionalak” izenburupean, Enpresa Digitalak eta Debegesa Garapen Agentziak elkarlanean antolatuta.
Ikastaro honen xedea da jakinaraztea zein diren adierazle egokienak sare sozialen kudeaketarako aginte-koadro bat eratzeko, eta ikerketa iraunkor horretan sakonago jarduteko tresna profesionalen berri ematea, doakoak zein ordainpekoak.
Ikastaroa teknologia berrietan aditua den Iker Merchanek eskainiko du eta Debabarreneko profesional autonomo eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago.
Ikastaroa Debegesak Eibarren duen egoitzan burutuko da, bi egunez, maiatzak 9 eta 10, goizeko 9:00etatik 13:00etara. 8 orduko iraupena du guztira ikastaroak eta 30 euro ordaindu behar dira izena ematerakoan.
Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete on-line www.debegesa.com atarian, 943 82 01 10 telefonora deituz edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz.