Sei proiektu, HELDU! ekintzailetza programaren bigarren edizioan
- Zazpi pertsonak (hiru emakume eta lau gizon) parte hartuko dute HELDU! programaren bigarren edizioan, hasierako fasean dauden sei proiekturekin.
- Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatu du ekimena, Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziarekin lankidetzan, eta hasierako fasean enpresa-ideiaren bat duten pertsonei aholkularitza eta gidaritza zerbitzua ematera bideratuta dago
HELDU! programaren bigarren edizioa, Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatua Debegesa eskualdeko garapen agentziarekin lankidetzan, irailean jarriko da abian, hasierako fasean dauden sei proiektu berrirekin.
Uztailaren 24an izen-emate epea bukatu ondoren, zazpi pertsonak (hiru emakume eta lau gizon) aurkeztutako eta sektore desberdinetara bideratutako sei enpresa-ideia onartu dira: naturako turismo aktiboko proiektu bat, marketin digitaleko eta enpresentzako salmentetako aholkularitza-proiektua, fabrikazio gehigarriari buruzko hirugarren bat, Sormen- eta Kultura-industrien (KSI) eremuko beste bat eta osasunaren eta kirolaren sektoreko bi proiektu. Lan saioak irailaren 4an hasiko dira ekimen honen aurkezpenarekin Debegesako instalazioetan dagoen Udalaren enpresa inkubagailuan.
HELDU! programaren ren helburua da enpresa-ideia bat duten pertsonei aholkuak eta gidaritza ematea, batez ere praktikoa den eta emaitzak lortzera bideratuta dagoen ikaskuntza-prozesu baten bidez. Parte-hartzaileek 100 ordu baino gehiagoko prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute arlo horretan adituak diren profesionalen eskutik. 40 ordu prestakuntza espezializatukoak izango dira, 50 ordu aholkularitzakoak eta 20 ordu tutoretza-saioetakoak. Helburu gisa emaitzak lortzearekin batera, negozio-ideia definitzetik proiektua komunikatzera arteko gaiak jorratuko dira, baita proiektua abian jartzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak ere (baliozkotzea, estrategia, finantza-plana, marketin- eta salmenta-plana, ekipoak eta pertsonak eta legezko alderdiak).
Saio horietan, ekintzaileen eskura jarriko dira, besteak beste, honako zerbitzu eta baliabide hauek: tresna eta metodologia berritzaileak, ekintzaile-komunitate baterako sarbidea, instalazioak, finantzabideak eta balizko inbertitzaileen kontaktua, BPTD Elkarteko enpresa eta erakundeekin kontrastatzeko aukera, eta ikusgarritasuna eta networkinga.
Ideia berritzaileak bultzatzea eta sustatzea
Ideia berritzaile bat duen edonork, bere enpresa-proiektua Eibarren garatu nahi badu, lekua du HELDU! programan. Parte hartzen duten proiektuen hautaketan, lehentasuna ematen zaie doitasunezko ingeniaritzari, industriari lotutako zerbitzuei, 4.0 industriari, klima-aldaketari eta energia iraunkorrari eta kirolari aplikatutako teknologiei.
Gainera, hala eskatzen duten proiektuek puntako profesionalen laguntza jasotzen jarraitu ahal izango dute, EHUNDU eta MAKE IN ekintzailetza-programen bidez. EHUNDU enpresa-proiektu bat abian jartzea zailtzen edo zalantzan jartzen duten gai espezifikoak konpontzera bideratuta dago; eta MAKE IN, berriz, enpresa-ekimen berriak merkatuarekin konektatzera.