Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamaikagarren edizioa ospatuko da Debabarrenean

  • Tripontziak egitasmoari hasiera emateko gaur, hilak 18, Debako Santa Maria Elizan elkartu dira parte-hartzaileak.
  • Azaroaren 8tik abenduaren 1era egingo da Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko zortzi jatetxetan; bertako produktuekin egindako menu bereziak eskainiko dituzte 35 eurotan.
  • Garaian garaiko eta bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta Debabarreneko establezimenduak zein ekoizleak ezagutzera ematea dira ekimen honen helburuak.
  • Ekimenak irauten duen bitartean, doako bisita kulturalak eta gastronomikoak antolatu dira.

Azaroaren 8tik abenduaren 1era, Debabarrena eskualdeak Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamaikagarren edizioa ospatuko du, Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoak antolatuta. Aurten ere, Eusko Jaurlaritza-turismo eta Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo departamentuaren babesa du ekimenak. Hasi zenetik, ekimenaren helburua izan da bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea eta Debabarreneko sukaldari, establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.

Hamaikagarren edizio honi hasiera emateko, gaur, urriaren 18an, Debako Santa Maria Elizan bildu dira antolatzaileak eta parte-hartzaileak. Edizio honetan, Eibarko Baratze Gourmet, Elgoibarko Belaustegi, Ermuko Mendiola, Mutrikuko Pikua, Soraluzeko Txurruka eta Debako Kanala, Urgain eta Itsaslabarrak jatetxeek hartuko dute parte, eta sasoiko eta tokiko produktuetan oinarritutako platerak eskainiko dituzte, jatetxe bakoitzak bereak. Menuak, 35 eurokoak dira eta barne hartzen ditu aperitibo bat, sarrera, bi plater nagusi (haragia eta arraina)  eta Mendaroko txokolatearekin egindako postrea.

Ogia, kafea eta ardoa ere menuan sartzen dira, eta jatetxe guztiek ardo berdina eskainiko dute menurekin: Garcia Olano upeltegiko ardo zuria eta Araico upeltegiko ardo beltza. Bestalde, 6 euroko gehigarri baten truke, txakolinaz gozatu ahal izango da. Horretaz gain, berrikuntza gisa, oraingo honetan menu guztien artean aukera begetariano bat egongo da.

Jatetxe bakoitzak eskainiko duen menua kontsultatzeko debabarrenaturismo.com webgunean sartu behar da (hemen). Beharrezkoa da aurrez jatetxera deitu eta erreserba egitea Tripontziak Menua dastatu nahi dela aipatuz.

Tripontziak zozketa

Aurreko urteetan bezala, aurten ere ekimenean zehar, zozketa bat egingo da. Parte hartzeko jatetxeetan eskuragarri egongo den QR kodigoan sartu behar da eta bertan eskatzen diren datuak osatu. Parte-hartzaile guztien artetik, bi irabazle aterako dira, eta bertako produktuekin osatutako otar bana jasoko dute.

Bisita gidatuak Tripontziak ekimenak irauten duten bitartean

Era berean, bisita gidatuak antolatu dira Tripontziak egitasmoak irauten duen bitartean, azaroaren 8tik abenduaren 1era bitartean, alegia. Bisita kultural horien artean daude Mutrikuko Merkatu txikia, Chocolates de Mendaro, Dolmenen ibilbidea, Debako Santa Maria Eliza, Mutrikuko herrigunea, Eibarko Armagintzaren Museoa, Lasturreko talo tailerra eta Lizagasar Sagartokixa. Aurten, bisita guztiek dastaketa txiki bat izango dute amaieran. Horrela, eskualdeko plan kulturalak gastronomiarekin uztartzeko aukera edukiko dute parte-hartzaileek.

Bisitetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, Debegesara (943 82 01 10) deitu beharko da astelehenetik ostiralera 9:00etatik 15:00etarako ordutegian edota turismoa@debegesa.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi. Bisitak doakoak dira eta pertsona bakoitzeko lau izen-emate onartuko dira plazak agortu arte. Bisiten informazioa debabarrenaturismo.com webgunean dago eskuragarri, (hemen dagoen PDFan).