Txertatu Merkatuan programan parte hartzen ari diren ikasleak praktikak egiten hasi dira
“Elikagaiak eta edariak zerbitzatzeko eta edariak prestatzeko oinarrizko teknikak” eta “Estaldurako eta Pinturako ikastaroa“ tailerretan parte hartzen ari diren 18 ikasleak aste honetan hasi dira enpresa ezberdinetan praktikak egiten, Debabarreneko Udalek eta Debegesak sustatu duten Txertatu Merkatuan egitasmoaren baitan. Formazio teorikoa jaso ostean, ikasgelan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute datozen asteetan.
Uztailaren lehendabiziko astean amaituko dituzte praktikak. Guztira, 120 orduko formazio teoriko-praktikoa jasoko dute gazteek.
Txertatu Merkatuan egitasmoaren helburua da ikasketak utzi dituzten eta langabezian dauden 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazteei gizarte- eta lan-aktibazioko jardueretan parte hartzeko aukera eskaintzea, benetako lan-esperientziak izan ditzaten.
Halaber, datozen egunetan hasiko dira enpresetan praktikak egiten Elgoibarko IMHn burutzen ari den “Biltegiko Jarduera Lagungarriak” tailerrean parte hartzen ari diren 13 ikasleak.
Egitasmo hau Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren baitan kokatzen da, Europako Gizarte Funtsak %91,89an finantzaturik dago eta Garapenek koordinatzen du, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin.