“Txokolatea deskubrituz” eta “TexMex saioa” tailerrak ostegunean eta ostiralean hurrenez hurren

2014-06-17 Iruzkinik ez

Debabarreneko esperientzia gastronomikoekin jarraituta, datorren ekainaren 19an eta 20an beste bi ekimen jarriko dira martxan, Debegesak antolatuta Debabarreneko Klub Gastronomikoko hainbat kiderekin elkarlanean. Esperientzia hauek publiko zabalari zuzenduta daude. Sukaldaritza gustuko izatea izango da bertan parte hartzeko “baldintza” bakarra.

Eibarko Armagintza Museoan egindako lehendabiziko esperientzia arrakastatsua eta gero, bigarrena, Mendaron antolatu da, ekainaren 19an, 16:30etatik 19:30etara, ‘Txokolatea deskubrituz’ izenburupean. Mendaroko Txokolatea lantegira bisita egin, txokolatea dastatu eta, ondoren, herrian bertan dagoen Aizpe elkarte gastronomikoan txokolate tailerra egingo da. Tailer honetan gure eskualdeko bi gozogile ezagunek hartuko dute parte: Gotzon Altzibarrek (Itziar-Debako Salegi jatetxea) eta Agustin Larrañagak (Debako Calbeton jatetxea). Prezioa 15 eurokoa izango da.

Hirugarrena eta azkena, Elgoibarko Belaustegi jatetxean izango da, ekainaren 20an, 20:00etatik 22:00ak arte, ‘TexMex saioa’ izenburupean. Josu Muguerza chef ezagunaren eskutik, tex-mex errezetak egiten ikasiko dugu bertako produktuak erabiliz. Muguerzak, Marti Buckley sukaldaria izango du lagun. Jatekoaz gainera, edari ezberdinak ere prestatuko dituzte bien artean. Parte hartzeko 20 € ordaindu beharko dira.

Tailer hauetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, Debegesara deituz (943 82 01 10 / Mª Luisarengatik galdetu).