URAk eta Debegesak Deba ibaia birsortzen jarraituko dute
URA agentziako Zuzendari nagusi Iñaki Urrizalkik eta Debegesa garapen agentziako Zuzendari Juan Angel Balbasek lankidetza-hitzarmena sinatu dute 2012-2013 eperako. Hitzarmen honen bitartez, bi entitateek konpromisoa hartu dute 2009an hasitako “Deba ibaia berreskuratzeko eta balioa emateko Programa integrala” deritzon proiektuari jarraipena emateko.
Hitzarmenak bi ekimen ezberdin biltzen ditu. Batetik, Ego ibaiaren ingurumen-hobekuntza eta birsortze aurreproiektuaren garapena eta, bestetik, Deba eta Ego ibaietan degradatutako ingurune desberdinen hobetze, birsortze eta birnaturalizatze jarduerak garatzeko bideragarritasun azterketa burutzea.
Ego ibaiaren ingurumen-hobekuntza eta birsortze aurreproiektua
Deba ibaiaren mahaiaren baitan, Debabarreneko Udalekin eta URArekin batera konpetentzia duten entitate guztiek osatua, ingurune horretan Ibai-parkea egiteko proposamena egin da. Aurreproiektu honek 35.000 euroko aurrekontua du eta ingurunea hobetzeko lehen pausoak eman asmoz hainbat jarduera posible bilduko ditu, hau da, ibaiaren prozesu naturalak berreskuratuko dira ubidearen eta ibaiertzaren egitura eta funtzionamendu naturalagoa ahalbidetuz. Jarduera hau aurrera eramatea ezinbesteko jotzen da ingurune honek gaur egun duen egoera ikusirik, uraren kalitatea, biodibertsitatearen galera eta paisaiaren pobretzea kontuan harturik.
Balio handiko zonalde honetan egingo diren ingurune-hobekuntza eta birgaitze lanei esker, herritarrek egoera onean dagoen ibai-paisaiaz gozatu ahal izango dute, ingurune hauekiko sentsibilizazioa eta ingurumen-heziketa hobetzen lagunduz.
Deba eta Ego ibaietan degradatutako ingurune desberdinen hobetze, birsortze eta birnaturalizatze jarduerak garatzeko bideragarritasun azterketa
Proiektu honen baitan, Deba ibaia Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutrikuko udalerrietatik pasatzean burutu beharreko ekimenak aztertuko dira, baita Ego ibaia Eibar, Ermua eta Mallabiko herrietatik pasatzean egingo direnak ere. 55.000 €ko aurrekontua du proiektu honek.
Ibaian alterazioak eragin dituzten komunikazio azpiegiturak eta ibaiertzak okupatu dituen hirigintza-garapenak degradaturiko zonaldeak hobetzea, birsortzea eta birnaturalizatzea du helburu proiektuak. Alegia, egoera txarrean dauden zonaldeak hobetzea edota birsortzea ahalbidetuko duten jarduerak identifikatzea du xede.
Edozein modutara, ibaiaren funtzionamendu hidraulikoa mantendu eta hobetu egingo da. Honi esker lehentasunak ezarri ahal izango dira aztertutako zatietan esku hartzerako orduan, plan, proiektu eta kudeaketak zein kostuak aurreratuz.