Urriak 20, ibaia garbitzeko auzolana Elgoibarren
Ibai Lagun egitasmoaren baitan, Elgoibarko Udalak, Debegesa Garapen Agentziak, Morkaiko Mendizale Elkarteak eta Gazte Asanbladak, URA-Uraren Euskal Agentziaren laguntzarekin, Deba ibaia auzolanean garbitzeko ekimena eta Deba ibaiari buruzko hitzaldi-sorta antolatu dute Elgoibarren.
Ibaia garbitzeko auzolana urriaren 20an egingo da, larunbatean, eta herritar oro dago gonbidatuta boluntario gisa parte hartzera. Goizeko 11:00etan elkartuko dira boluntarioak plazan. Arropa erosoa eta zapata egokiak eramatea gomendatzen da. Garbiketarako beharrezko diren eskularruak, zabor-poltsak, guraizeak… Debegesako kideek eramango dituzte. Ondoren, 13:00etan, luntxa eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.
Debegesako Garapen Jasangarrirako departamentuak dei egiten die herritarrei, haur nahiz helduei, boluntario gisa parte har dezaten. Hori bai, aurretiaz izena ematea eskatzen zaie, aseguruak, luntxa, etabar prestatzeko. Horretarako, 943 82 01 10 telefonora dei dezakete edo debaibaia@debegesa.com helbidera idatzi, urriaren 18a baino lehen. 18 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan behar dira.
Deba ibaiari buruzko hitzaldi-sorta
Bestalde, Deba ibaiari buruzko hitzaldi-sorta egingo da urriaren 17an, Elgoibarko Kultur Etxean, 18:30etatik aurrera. Elgoibarko herritarrei zuzenduta dago ekimena, Deba ibaia hobeto ezagutu eta bere ingurumen-balioaz gehiago jakin nahi duten guztiei. Victor Peñas URAko Instituzio-harremanetarako teknikariak eskainiko du sarrera-hitzaldia eta ondoren, Antton Alberdi eta Inma Mugerza elgoibartarrak arituko dira hizketan Deba ibaiaren inguruan.
Egitaraua:
- 18:30 – 18:45 “Uraren topikoak. Ikasitakoa ahaztuz, uraren kultura berri baterantz abiatu”. Victor Peñas, Instituzio-harremanetarako teknikaria eta Geografian doktorea.
- 18:45 – 19:15 “Ibaiak, ingurumenaren bizkarrezurrak“. Antton Alberdi, biologoa eta EHUko ikerlaria.
- 19:15 – 19:45 “Ur gezaren balioa. Hausnarketa”. Inma Mugerza, Geologian Doktorea eta hidrogeologoa.
Ibai Lagun egitasmoak Deba ibaiaren ingurumen-balioa zaintzen eta mantentzen laguntzea du helburu, herritarren parte-hartzea sustatzearekin batera.