1- Nola bururatu zitzaizun Ikale sortzeko ideia? Beti izan duzu zure kabuz lan egiteko nahia?
Egia esan inoiz ere ez. Ni beste enpresa batean hasi nintzen dirulaguntzekin lan egiten eta gustatu egin zitzaidan. Tamalez, enpresa itxi egin zen eta ni langabeziara joan nintzen. Beraz, lan bila hasi eta momentu hartan ez ninduenez inork kontratatzen, nik neuk neure burua kontratatzea erabaki nuen. Nire ideia hasiera batean autonomo lanetan hastea zen, elkarrizketetara joatean, zerbait egiten ari nintzela ikus zezaten. Ondoren, lana topatzean, nire kabuz hasitako beharra uztea zen nire intentzioa. Bada, horrelaxe sortu zen Ikale.
Aurten, martxoan, enpresa batetik deitu zidaten lanean hasteko. Hasieran kostatu egin zitzaidan erabakia hartzea zeren eta autonomo gisa lan egiten gustura nengoen, baina ezin nion eskaintza hari ezetz esan. Azkenik, lan hura uztea erabaki nuen eta berriz ere autonomo izatera pasatzea. Hango lanak ez ninduen motibatzen eta nire kontura lan egitearen falta sumatzen nuen.
2- Zein alde positibo ditu ekintzailetzak? Eta zailtasunak?
Autonomoaren alde txarra da lana aurrera zuk atera behar duzula, zuk bilatu behar duzula zeregina. Hori dela eta, ez duzu ordutegi finkorik, beste betebehar batzuk dituzu… Baina onurak ere baditu: ez duzu nagusirik, nahi duzun ordu kopurua egin dezakezu lan, askatasuna duzu familia-kontziliaziorako… Horretaz gain, enpresekin lan egiten hastean, nire kasuan behintzat, maitasuna hartzen diezu. Agian nire izaera da, baina behin lanean hasi eta gero, eurak uztea kosta egiten zaizu. Nik uste horregatik guztiagatik jarraitzen dudala nire kontura lan egiten.
3- Zer da, zehazki, Ikalek egiten duena?
Diru-laguntzak tramitatzen ditut, batik bat enpresa industrialentzat. Laguntza horiek, batez ere, berrikuntza, internazionalizazio, digitalizazio eta inbertsio alorrekoak dira. KIT digitaleko laguntzak ere tramitatu izan ditut. Tramitazioa eskaeratik justifikazioa egin arteko pauso guztiak dira. Enpresa batek proiektu bat egin behar duenean, horretarako dauden laguntzei buruz galdetzeko deitzen dit. Nik laguntzak bilatzen dizkiot eta ondoren, kudeatu, hau da, eskaera gauzatu, jarraipena egin eta, azkenik, onartua izan bada, justifikatu.
4- Zein da zure epe laburreko helburua?
Nire helburua enpresekin lan egiten jarraitzea da. Kasualitatez orain auzokide batzuei lagundu behar diet, baina niri gehiago gustatzen zait enpresekin lan egitea, erosoago sentitzen bainaiz. Horretaz gain, laguntza administraziorako beste pertsona bat hartzeko asmoa dut. Horretarako eta komunikaziorako ere, ez dut denbora askorik izaten. Pertsona baten beharra bai ikusten dut, ez lanaldi osorako, baina bai gauza horietan laguntzeko.
5- Zein da zure balio erantsia?
Nik uste hurbiltasuna dela. Enpresek ni euren plantillako beste bat naizela sentitzea nahi dut. Eurak ezagutzea, beraiekin hitz egitea, gertuko harremana izatea… gustatzen zait, eta gero erantzuna ahalik eta azkarren ematea. Nik uste hori, enpresekiko hurbiltasuna, izango litzatekeela besteekiko ezberdintasuna.
6- Zein gomendio emango zenioke ekintzaile izateko zalantzan dagoen norbaiti?
Saiatzeko esango nioke. Gauza pila bat ditu ikasteko. Ez dut ukatuko beste norbaitentzat lan eginez gero erosotasunik ez duzunik. Kasu horretan, hilabete bukaeran soldata beti duzu hor. Baina autonomo gisa lan egin eta obligazio gehiago izatean, askoz gehiago ikasten da beste batentzat lan egiten baino. Horrela, gainera, profesionalago bihurtzen zara. Nik nabari dut erraztasun edo trebetasun gehiago dudala nire kabuz lan egiten hasi nintzenetik. Alde txarrak baditu, lehen esan dudan bezala, baina balorazio bat egin behar da. Saiatzeagatik ez duzu ezer galtzen. Hasten zarenean iruditzen zaizu bakarrik zaudela, baina ekintzaileentzat elkarte pila bat daude, adibidez, Ekingune. Laguntzak ere badaude. Ez dira betirako, baina hasteko bada zerbait. Ez zaizu ondo joan? Beno, bada utzi, baina nik uste dut saiatu egin behar garela. Nik gomendio hori emango nuke.
7- Ezagutzen zenuen inkubategia lehenagotik?
Txiripaz ezagutu nuen. Uste dut Facebooken ikusi nuela. Beheko inkubategian (Eibargunean) izana nintzen. Etxetik lan egindakoa ere banaiz, baina jada txiki geratzen zitzaidan. Nire lekua behar nuen. Orduan, abenduan, Debegesarekin hitz egin nuen nire beharrak azaltzeko. Hemengo instalazioak oso onak dira; bilera sala bat dago, Debegesan zaude, ikusgai zaude enpresentzat eta hori abantaila bat da. Debegesarekin harremanetan jartzean, nire intentzioa behera joatea zen, baina leku hau erakutsi zidaten, zehazki, nire oraingo bulegoa eta asko gustatu zitzaidan. Etxetik bost minutura nago autoz. Gainera Eibarko zentroa ez zitzaidan gustatzen. Enpresek etorri behar badute, non utziko dute autoa? Onena poligono bat zen enpresez inguratuta eta justu Debegesa hemen izanda… Hasieran uste nuen leku hau beste enpresa mota batzuentzat zuzenduta egongo zela, zehazki, enpresa teknologikoentzat, baina azaldu zidatenean hala ez zela, aurrera jo nuen.
8- Zergatik animatuko zenuke norbait inkubategi honetara etortzera?
Sekulako giroa dugu hemen, kontaktuak egiten dira, sinergiak sor daitezke… Aldameneko ekintzaileak bezero bat pasa dit. Etxean ondo egon zaitezke, baina zu bakarrik zaude. Hemen jendea duzu.
9– Bidaliko zenioke animo mezu bat ekintzaile izateko zalantzan dagoen norbaiti?
Lehendabizi, bideragarritasun plana egin eta arriskatzeko esan behar diot. Ez du galtzekorik. Bigarrenik, ekintzaileez inguratu eta kontaktuak egiteko. Horretarako inportantea da elkarte edo networking batean sartzea. Izan ere, kontaktuak ezinbestekoak dira eta adi egonez gero, edonon egin ditzakezu: kuadrillan, familian… Ez dakizu ez non ezta noiz ere aurki dezakezun kontakturen bat eta eurak gabe ez duzu ezer egingo. Hirugarrenik, autonomo batengana joatea ere gomendatuko nioke bere esperientzia ezagutzeko eta testigantzak entzuteko. Nik uste dut garrantzitsua dela besteei gertatu zaiena ezagutzea, baina ez gauza onak bakarrik, baita ez hain onak ere. Hori baliagarria da jakiteko zer egin behar duzun eta zer ez.
Ekintzaile izatea esperientzia polita da, baita gogorra ere, baina nire ustetan behintzat merezi du. Autonomo jarri nintzenean 33 urte nituen. baina apur bat lehenago, 30 urterekin, ez nuen pentsatu ere egiten autonomo izatea. Erabakia ez zen erraza izan, baina orain nire hitzak jan ditut. Gauza saiatzea da. Damutu zaitez egin duzunaz eta ez egin ez duzunaz. Zalantzaren aurrean, egin. Ez bazaizu ondo ateratzen, behintzat saiatu zara eta badakizu nondik jo behar duzun eta nondik ez. Gainera, onuraren bat aterako duzu, adibidez enpresak ezagutzea. Beti duzu zerbait irabazteko, nahiz eta autonomo bezala esperientzia ona ez izan.