Birgaitze jasangarriaren arloko Next Generation dirulaguntzei buruzko informazio saioa asteazkenean, hilak 22, Deban
Debako eta Mutrikuko Udalek, Debegesarekin elkarlanean, Europar Batasunetik datozen birgaitze jasangarriaren eta energia-eraginkortasunaren arloko laguntza ekonomikoen inguruko informazio-saio bat antolatu dute. Zehazki, etxebizitza-eraikinak birgaitzeko jarduketentzako, etxebizitzetan energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketentzako eta berroneratze eta birgaitze-proiektuak idazteko, lehendik dagoen eraikinaren liburua egiteko dauden Next Generation dirulaguntzak azalduko dituzte.
Hitzordua martxoaren 22an izango da, asteazkena, arratsaldeko 18:00etan, Debako Agirre Jauregian, Ispiluen Gelan (Astillero kalean, 12) izango da, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Aurkezpena eraikinen eta etxebizitzen birgaitze energetikoan inplikatuta dauden agente eta profesionalei zuzenduta dago (jabeen erkidegoetako administratzaileak, arkitektoak, eraikuntza-enpresak, etab.). Dena den, saio irekia da, eta eraikinaren edota etxebizitzaren birgaitze energetikoan interesa duten herritarrak ere joan daitezke.
Debegesak, Debabarreneko Birgaitzeko Hirigintza Elkarte eta Eusko Jaurlaritzako erakunde laguntzailea den neurrian, dirulaguntzak kudeatzen ditu. Hortaz, eurek azalduko dituzte goian aipatutako laguntza bakoitzaren ezaugarriak eta baldintzak.