Kontxa Laspiurrek jaio zen momentutik jaso zuen euskararekiko maitasuna. “Geure famelixan danok izan gara euskararen alde egin dogunak”. Tailerreko lanaren ondoren, Javier Zubiaurrek eskaintza berezia egin zion: euskarazko klaseak ematea. Kontxak onartu egin zuen eta beste pare bat lagunekin batera (“Zabaleta, Amatiño…”) euskarazko irakasle hasi zen. Sasoi hartan, Kontxak 40 urte inguru zituen, 1960ko hamarkada zen.
Hasieran, Klub Deportiboan ematen zituzten euskarazko klaseak, “izkutuan, goixan, geletan”. Klaseak ematen hasi eta gero, Imanol anaiak esanda, gau eskolan euskara irakasten hasi zen, eta gero AEK sortu zen. “Ahizta bixok lehelenak izan giñan AEK-n, eta jubilau arte AEK-n jarraittu genduan”. Orduan, gainera, ez zegoen euskara baturik, “baiña laister hasi zan euskara batua eta Imanolek erakutsi zeskuan”. Euskara irakasteko bide horretan ezerk ez du gelditu, ez gerrak (Eibar, Gernika, Bilbo… bonbardaketa askoren lekuko izan da), ez diktadurak, ezta euskara zapaltzeko ahalegin guztiek ere, eta orain, 100 urte betetzeko atarian, indartsu jarraitzen du.
33 urte luzez AEK-ko irakasle eta bultzatzailea izan den Kontxa Laspiur Zabala saritzea erabaki du 2024ko edizioan epaimahaiak. Laspiurrek, Debabarreneko gizarte-balioak ordezkatzeaz gain (integritatea eta errespetua, berrikuntza, solidaritatea eta lankidetza, eta ekintzailetza), gainditze espirituaren, entregaren, solidaritatearen eta erresilientziaren balioak ere ordezkatu ditu Debabarreneko gizartea euskaldun bilakatzeko lanetan, bai bere ibilbide profesional zehar, baita pertsonalean zehar ere. Laspiur bera, bere familia lekuko zela, igo zen oholtzara saria jasotzera. Oso pozik eta hunkituta zegoela adierazi zuen irabazleak eta esker onak eman zituen: “Nik oso gustura egin dut lan euskararen alde. Nahi dudan gauza bakarra euskara salbatzea da. Denon esku dago euskaraz hitz egitea. Gora euskara!”.