Ekintzaileei laguntza eskainiko zaie EHUNDU programaren bidez
EHUNDU ekintzailetza-programa 2023an sortu zuen Eibarko Udalak, Debegesa eskualde-garapenerako agentziarekin lankidetzan; hirian jarduera ekonomiko berriak abiaraztea du helburu.
Horretarako, ekintzaileei lagundu egiten die beren enpresa-proiektuen bideragarritasuna baldintzatzen duten alderdi kritikoak konpontzen, halakotzat hartuta konplexutasunagatik edo espezifikotasunagatik enpresa abian jartzeko erabakia hartu aurretik ebatzi beharrekoak diren alderdiak.
Zehazki, programaren bidez profesional adituak kontratatzea edo beste baliabide batzuk eskuratzea sustatzen da, eremuhauekin lotuta: jabetza intelektuala eta/edo patenteak; maketa-lanak, prototipoen garapena edo proba-bankuetarako eta/edo laborategietarako sarbidea; merkatu edo sektore zehatzetako prospekzio-azterketak; arau-azterketa espezifikoak, ezaugarri bereziak edo konplexuak dituzten sektore edo jardueretan; eta ziurtagiri teknikoei buruzko azterketak.
Programak, aldi berean, ekintzaileei hainbat aukera ematen die: komunitate ekintzaile baten parte izateko erraztasuna; Debabarreneko enpresa industrialen sarerako sarbidea (BPTD Elkartea); Debegesan kokatutako Udalaren inkubagailuaren instalazioen erabilera; eta ikusgarritasuna eta networking-aukerak.
Baliabide horiek eskuratzeko, beharrezkoa da negozio-plan bat garatuta izatea (proiektuaren alderdi kritikoak zehazten dituena), baita jarduera Eibarren garatzeko konpromisoa hartzea ere.
EHUNDU programak lehentasuna ematen die, Udalak zehaztutako sektore estrategikoekin bat etorrita, jarraian datozen sektoreekin lotutako ekimenei: doitasunezko ingeniaritza, industriarekin lotutako zerbitzuak, 4.0 industria, klima-aldaketa eta energia iraunkorra, eta kirolarekin lotutako teknologiak.
Interesa duten pertsonek https://heldueibar.debegesa.eus/eu/ehundu/ web-orrian eman behar dute izena. Deialdia urte osoan zehar dago irekita, aurrekontua agortu arte.
Beste ekintzailetza-programa batzuk
EHUNDU programaz gain, Eibarko Udalak, ekintzailetza sustatzeko estrategiaren markoan, beste bi programa ditu dagoeneko abian: HELDU! ekintzailetza berritzailea eta Make In.
Lehenengoa, HELDU!, beren enpresa-ideia zehazteko laguntza behar duten ekintzaileei zuzenduta dago. Orain dela bi urte jarri zen martxan eta une honetan abian dago hirugarren edizioa. Industria-azeleraziora begirako Make In programari dagokionez, laguntza eskaintzen du merkatu berriak irekitzea ahalbidetzeko edo dagoeneko martxan dauden enpresa berriak hazteko.
Bai HELDU! programak, bai EHUNDUk, biak ala biak Udalak bultzatutakoak, Eibarren enpresa berriak sortzea dute helburu. Make In, berriz, Debegesak sustatutakoa, Debabarreneko eskualde osorako da, eta martxan dauden enpresak indartzea du xede.